Itxi

57. edizioaren balorazioa

Itzuleraren poza

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Durangoko Azokako sortzaile eta argitaratzaileak pozik agertu dira, pandemia aurreko salerosketa mailara itzuli baitira oro har.

Jendea, atzera-aurrera Landakon

Azken egunean, igandearekin, "pozik" aurkitu ditugu oro har Durangoko Azokaren salmahaien atzealdeetan musikariak, idazleak eta argitaletxeetako ordezkariak Landakon; pozik, pandemiak bi urtez Azoka baldintzatu eta gero, "normaltasuna berreskuratu" delako aurtengoan, nola erosleekiko harremanetan, hala salmenta mailan.

Ohiko azoka eredua berreskuratu den honetan, jendea erostera etorri dela nabarmendu dute Idoia Gonzalez Erein argitaletxeko Komunikazio arduradunak eta Olatz Osa Elkarreko kideak. "Gogotsu" etorri da jendea, Gonzalezen esanetan, eta liburu argitaratu berriez gain, funtseko tituluak ere erosi dituztela azpimarratu.

Gustura daude, halaber, Susa argitaletxeko ordezkariak, Leire Lopez Ziluaga editoreak azaldu digunez: "Osteguneko jende eta salmenta kopurua izugarria izan zen, baina eutsi egin dio gero. 2019. urteko zenbakietatik gora egongo garela esango nizuke".

Udazkeneko narratiba da gehien saldu dena Susan, baina liburu bakoitza, poesia eta antzerki generoetakoak berbarako, ondo saldu da bere neurrian.  

Iritzi berdintsua jaso dugu Igela argitaletxearen salmahaietan, Lander Majuelo zuzendariaren ahotsean: "Giro oso ona egon da, eta ostegunean errekorra egin genuelakoan nago. Pandemiaren ondoren, nolabaiteko antsietatea atzematen zaio jendeari kultura arloari begira: kontzertuetako eta bertso saioetako sarrerak… Eta Azokan ere igarri da hori nolabait".

Asebetetasuna ez ezik, Pello Elzaburu Pamielako partaideak itxaropena ere agertu du haur eta gazte literaturaren gorakadaren aurrean. "Haur eta gazte literatura lokomotor bat bezala ibili da, eta hor daude biharko irakurleak", esan digu.

Titulu salduenen artean egon dira: Munduari bira eman zion ontzia Joseba Sarrionandiarena eta Azken Etxea Arantxa Urretabizkaiarena (Pamiela); Puskak Irene Pujadesena, Antzinako berri-berriak Kae Tempestena eta Kale gorriko umeak Pier Paolo Pasolinirena (Igela); El maizal eta Bretxa Toti Martinez de Lezearena eta 7G udalekuak Nerea Loiolarena (Erein); Gari eta goroldiozko Anari Alberdirena eta Bar Gloria Nerea Ibarzabalena (Susa); eta Ni ez naiz Mikel Laboa Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxerena, eta Berriz zentauro Katixa Agirrerena (Elkar).

Musika

Musikan ere, poza izan da nagusi. Xan Bidegain Willis Drummond taldeko baxu-jotzaileak esan digunez, "miraria da 2022an CDak saltzea, eta hemen hori gertatzen da". Baieztapena berretsi digu Esti Markez musikariak ere: "Iazko urtea oso gogorra izan zen, eta aurten hobeto ibili gara. CDak saldu ditugu gehien".

Xan Bidegain eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond)

Aurten, gainera, Durangoko Azokaren antolakuntzak merchandising gaiak saltzea baimendu die taldeei, salmenten jaitsiera apaltze aldera. Gai bat saldu ahal izan dute musikariek, lan berriekin batera, eta gehienek kamiseta eta oihalezko poltsak aukeratu dituzte.

Zetak taldeak, esaterako, poltsak saldu ditu gehien, eta "oso lagungarria" iruditu zaie halakoak saltzeko baimena: "Hiru modelo ekarri genituen, eta agortzear daude denak".

Musika entzuteko euskarri fisikoen gainbeherak ekarri du erabakia, baina Jurgi Ekiza Willis Drummondeko kideak esan digu, laguntzen badu ere, ezin dela hausnarketa atzeratu, eta gogoeta egin behar dela etorkizunera begira, "jantziak saltzea ez baita kultura".

Antolatzaileak, "sentsazio onekin"

Durangoko Azokako antolatzaileek arratsaldean egingo dute balorazio ofiziala, baina Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkartearen koordinatzaileak aurreratu du "poz-pozik" igarri dituela bisitariak eta saltzaileak: "Azoka libre eta lasaia izan da, pozik bisitatzekoa, eta bete du bere funtzioa".