Itxi

Amaierako balorazioa

"Aurreikuspenak beteta eta pozik" itxi ditu ateak Durangoko Azokak

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Antolatzaileek 57. edizioaren balorazio positiboa egin dute, eta Durangon "kulturaren plazari berriro ere bizia emateko giroa" sumatu dutela adierazi, "eskertuta". 58. edizioa 2023ko abenduaren 6tik 10era izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Aurreikuspenak beteta eta pozik" eman du amaitutzat antolakuntza taldeak Durangoko Azokaren 57. edizioa. Azken bi urteetako edizio ezohikoen ostean, Azokak aurrez aurreko eta murrizketarik gabeko formatua berreskuratu du aurten, eta Gerediaga Elkarteak igarri du "ospatzeko urtea" izan dela, "berriz elkartzekoa, kulturaren plazari berriro ere bizia ematekoa, eta hori sumatu dugu Azokan. Oso eskertuta gaude".

"eztanDA" lelopean egin dute aurtengo Azoka, giro onean, eta, oro har, pandemia aurreko salmenta bolumena berreskuratuta. Orain, "bost egun hauetan bizitako eztanda hori herriz herri Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da erronka, Azoka ez dadin oasi bat izan, Durangon sentitu dugun komunitate hau zabaltzen jarrai dezagun".

Azokako bost egunak "oso jendetsuak" izan dira, batik bat abenduaren 8a. "Azokako gune guztietan edukiera bete da ekitaldi askotan, eta Azokako autobus-zerbitzua ere handitu behar izan da eskariari aurre egiteko", zehaztu dute antolatzaileek prentsa ohar batean.

Salerosketa kopurua asko handitu da oro har Landako gunean, eta publikoak, noski, lehentasuna eman dio aurrez aurreko erosketari, horixe baita askorentzat topaketaren indarguneetako bat, artistaren eskutik erosi ahal izatea disko, liburu edo dena delako produktua.

Horren erakusgarri, denda digitalean erosketak nabarmen jaitsi dira iazko kopuruarekin alderatuta: lau egunean, 434 eskaera egin dira, 1685 produktu.

Gerediaga Elkarteak gogora ekarri du bihartik aurrera Azokak herriz herri jarraituko duela "Zu non, han DA!" ekimenari esker. Euskal Herriko 132 saltokitan, Azokako literatur nobedadeak eskuratzeko aukera egongo da, eta aurten lehenengo aldiz sortzaileek ere euren liburuak aurkeztuko dituzte 45 liburu dendatan.

58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era antolatuko da.

Bideoak (1)