Sormen Beka
Ume eta familiei zuzendutako lanak sarituko ditu Durangoko Azokaren bekak aurten
N. V. | EITB Media
Seigarren urtez eskainiko dute Sormen Beka Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak. Zirkuitu profesionalean gehienez ere lan bat estreinatu duten sortzaileek aurkeztu ahalko dituzte lanak, nolanahikoak direla ere.
Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokak aurten esleituko duen Sormen Beka, seigarrena, aurkeztu dute gaur, ostegunarekin.
"Sortzaile berriek" aurkeztu ahalko dituzte proposamenak, zirkuitu profesionalean gehienez ere bere lehen edo bigarren lana dutenek, eta ume eta familiei zuzenduta egon beharko du, formatua edozein dela ere: ikuskizuna (zirkua, antzerkia, ipuin kontaketa…), euskarri bat (mahai jolasa, musika, bideoa…) zein horien arteko nahasketa.
Proposamen saritua Saguganbara guneko eskaintzetako bat izango da 2024an, Durangoko Azokak azaldu duenez.
Aurreko bost edizioetan, literatura (Atopia rol jokoa), musika (Kai Nakai), ikus-entzunezko (Bañolet), proiektu digitalak (Barraka) eta arte eszenikoko (Eukalyptus) proposamenak saritu dira.
Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa da, eta irailaren 21ean itxiko da lanak aurkezteko epea, 18:00etan.