58. edizioa
Fantasiaz beteko da Landako, abenduaren 6tik 10era
N. V. | EITB Media
"Fantasia DA!" leloa izango du Durangoko 58. Azokak. "Jendetsua eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia", adierazi du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, Ximon Agirrek eginiko kartela aurkezteko ekitaldian.
Durangoko Azokaren 58. edizioaren leloa eta kartela aurkezteko ekitaldia egin dute gaur, urriak 4, Landakon, bi hilabete barru kulturaren plaza izango den espazioan.
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak antolatzaileen nahia azaldu du ekitaldi horretan: "Euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsua eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia". Eta, hain zuzen, horixe izango da leloa: "Fantasia DA!".
58. Durangoko Azokaren kartela Ximon Agirre artistak (Hernani, 1994) egin du. "Ilusio handiz" hartu zuen proposamena Agirrek, Durangoko Azoka "kulturaren erakusleiho handia" baita. "Hasieratik, argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun handiagoa edukitzeko", azaldu du Agirrek.
Durangoko Azokaren kartela
Durangoko Azokaren kartela
Egitarauari dagokionez, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak gogora ekarri du oraindik zabalik dagoela nork bere sorkariak Durangon erakusteko proposamenak egiteko aukera; urriaren 15era arte egin ahal da Durangoko Azokaren webgunean.
Online dendarik ez
2020an pandemiaren ondorioz martxan jarri zen online denda ez da martxan egongo 2023ko Azokan.