Itxi

FANTASIA DA!

Durangoko 58. Azokaz gozatzeko azken eguna izan da gaurkoa

EITB Media

Leer en Castellano

Landako Guneko erakustazoka ohi baino bi ordu lehenago itxi dute gaur, 18:00etan, baina gainerako guneetan iluntzeraino jarraitu du egitarauak.

Jendetza Landako Gunean, aste honetan. Argazkia: Durangoko Azoka.

2023ko Durangoko Azokaren ateak azkenekoz zabaldu dira gaur. 10:30etik aurrera, azken orduak izan dituzte euskal kulturazaleek Azoka bisitatzeko eta azken egunotan bertan bor-bor izan den kultura arnasteko eta dastatzeko.

Asteazkenetik, milaka lagun murgildu dira 58. Durangoko Azokaren fantasian, Landako Guneko Kulturaren Plazan jarritako 257 erakusmahaiak bisitatu eta haietan erakutsi dituzten 950 nobedadeak ezagutzeko eta Ahotseneak, Saguganbarak, Kabi@k, Talaiak, Irudieneak, Szenatokiak eta Durangoko Museoak programatutako egitarau zabalaz gozatzeko.

Azken egun honetan ere, egitarau polita izan du Durangoko Azokak: "Ene Kantak" ikuskizuna Landako plazan, Euskadi Literatura saridunen bi mahainguru, Galder Izagirreren disko aurkezpena, Les Bobé Bobé konpainiaren obra eta "Durangas" dokumentala, besteak beste. Azokako antolatzaileek jakinarazi dute azken orduko aldaketa bat egon dela egitarau horretan: Ahotsenean, 14:30ean, Haira taldearen ordez Letagin igo da oholtzara zuzenekoa eskaintzera.

Bestetik, Landako Guneko erakustazoka ohi baino bi ordu lehenago itxi dute gaur, 18:00etan, baina gainerako guneetan iluntzeraino jarraitu du egitarauak.

Halaber, Azokak jakinarazi duenez, gaur ez da doako autobus zerbitzurik egon Iurretako aparkalekuetatik Landakoraino.