59. edizioa
Hartzaileen zeregina azpimarratu nahi du Durangoko Azokak
N. V. | EITB Media
"Hartzea ematea DA!" izango da aurtengo Durangoko Azokaren leloa. Udatxo eta Balu artistek sortu dute abenduaren 5etik 8ra egingo den edizio honen kartela.
"Hartzea ematea DA!": Horixe da Durangoko Azokaren 59. edizioaren leloa, Gerediaga Elkartea talde antolatzaileak gaurko aurkezpenean iragarri duenez.
"Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du, Azokara etortzea, ikustea, hartzea… kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako", azaldu du Galder Gaztelurrutia Durangoko Azokaren koordinatzaileak lelo hori aukeratzeko zioei dagokienez.
"Irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, eta Durangoko Azokan egotea euskal kulturaren alde egitea da", zehaztu du Gaztelurrutiak.
Kartela
Filosofia hori bilduko zuen irudia diseinatzeko ardura Udatxo muralista eta margolariak, Udane Juarisitik, eta Balu artista multidiziplinarrak izan dute. Lantegi hori gauzatzeko, geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu dute.
Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzia diren irudien eta Azokaren aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte, "atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko".
Eskuz egindako lana dela aldarrikatu dute bi egileok, eta bihotz forma zuela behin bukatuta konturatu zirela adierazi dute.
DA! Pro
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak aipamen berezia egin dio, gaurko aurkezpenean, Jon Irabazali, 30 urtez Azokaren zuzendari izandakoari, abuztuan zendu baitzen.
Landako Guneko kosmosaren ateak abenduaren 5ean irekiko dira, 10:30ean, baina lehenago, azaroaren 26an eta 27an, DA! Pro topaketa egingo dute, sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko.
Azaroaren 26an, sortzaileek familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean.