VI. liburukia
'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'ren ale berria aurkeztu dute
Erredakzioa
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren xede nagusia euskararen herri hizkera jasotzea eta kultur ondarea berreskuratzea da. Seigarren liburukiak aditz morfologia lantzen du.
Seigarren liburukiak aditz morfologia lantzen du: gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu. Liburuarekin batera, edukia PDF formatuan jasotzen duen CD-ROM bat kaleratzen da.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren xede nagusia euskararen herri hizkera jasotzea eta kultur ondarea berreskuratzea da. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu, eta Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten, eta 145 herri hautatu zituen horretarako: Euskal Autonomia Erkidegoan (Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36), Nafarroako Foru Erkidegoan 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
Inkesta-leku bakoitzean 2.857 itaun egin ziren: 2.163 lexikoaz, 595 morfologiaz, 62 sintaxiaz eta 37 fonetika sintaktikoaz. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren.
Lehen liburukia. 2010ean
2010eko apirilean EHHAren I. eta II. liburukiak aurkeztu ziren. Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai hauei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: lurra, belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; uztak; animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.