Itxi

Euskadi Irratiko saioa

'Jon eta Jone' irratsaioaren lanketa didaktikoa, Ikasbil atarian

Euskadi Irratia

HABEren Ikasbil atarian eskura daude "Jon eta Jone" Euskadi Irratiko fikziozko saioen atal berriak, baita bakoitzari egokitutako proposamen didaktikoa ere.

Euskadi Irratiaren eta HABEren arteko lankidetzari esker, “Jon eta Jone”ren atal guztiak Ikasbil atarian aurkituko dituzue, gidoi eta guzti. Horrez gain, B2 eta C1 mailetako euskara-ikasleentzat jarduerez hornituko ditugu eta atarian eskegi.

“Jon eta Jone” fikziozko saioaren helburu nagusia entzuleari tarte entretenigarria eskaintzea da. Horretarako, gaien eta egoeren aukeraketa asko zaindu da eta ahozko ereduan oinarrituta idatzi ditu gidoiak Koldo Almandoz zinemagileak. Hizkera naturala erabiltzen du, etenaldi, errepikapen edo elipsiak bere horretan azalduz. Bikote arrunt batek eguneroko harremanetan era naturalean egin dezakeen hizkera darabilte, ohiko egoera hurbilak erakutsiz, umorea tartekatuz eta euskalkiak nabarmenduz (bizkaiera eta gipuzkera, kasu honetan).

Saioen ezaugarri horiek B2 eta C1 mailetako euskara-ikasleentzat langaiak sortzeko oinarrizko input gisa oso erabilgarri bihurtzen dute saioa.

“Jon eta Jone”ren saioen atal bakoitza sekuentzia didaktiko baten oinarrian dagoen hizkuntza-inputa izango da. Sekuentzia horietan, ahozkoaren ulermena eta mintzamena lantzeko proposamen didaktikoak egongo dira, taldeko eta bakarkako ikasereduak konbinatuko dituen aukera metodologiko bati jarraiki.

Ostiralero bi sekuentzia argitaratuko ditugu Ikasbilen. Sekuentzia guztiak 2015eko abendua bitartean argitaratuko dira. Jarrai gaitzazue.