Hiztegiak
Tresna berriak Sarean, 'euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko'
eitb.eus
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bi hiztegi elebidun, sei hiztegi terminologiko eta elkarrizketa-ereduak proposatzen dituen lan bat jarri ditu Interneten eskuragarri.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu ditu gaur goizean, Donostian. Hiztegiok on line kontsultatu ahalko dira, Jaurlaritzaren webgunean.
Horien artean, bi hiztegi elebidun daude, Elhuyar hiztegiaren bertsio eguneratua eta alemana-euskara/euskara-alemana hiztegia, Elkar argitaletxeak 2006. urtean paperean argitaratutakoa.
Gainera, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berriak aurkeztu dira: Merkataritza eta Marketina Hiztegia, Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia, Errugbi Hiztegia, Mendizaletasuna Hiztegia, Herri-ogasuna Hiztegia eta Prozedura Kriminala Hiztegia.
Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat ere aurkeztu da: Hizketa-ereduak/Modelos de conversación. Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik kontsulta daiteke. Argitalpen hori oso erabilgarria izango da, zehaztu dutenez, euskara ikasten ari direnentzat.
Patxi Baztarrika Hizkuntza sailburordeak aurkezpenean azaldu duenez, “Euskararen Agenda Estrategikoan (2013 – 2016) bizikidetza dugu helburu. Eta euskara, ez edonolako hizkuntza izatea, hizkuntza bizia izatea baizik. Adierazi nahi den hura adierazteko hitzak eta termino egokiak eskura jarri nahi ditugu, eta horretarako lagungarri dira gaur hemen aurkeztu ditugun bederatzi produktuak”.