Hiztegia
EiTBren sukaldaritza-hiztegia, eitb.eus-en eskuragarri
EITB-ko Euskara Zerbitzua
Sukaldaritza-programa batean eman behar diren azalpenetarako eta argibideetarako egiturak eta esamoldeak biltzen ditu EiTBren hiztegiak.
"Txoriene" saioaren denboraldi berria hastearekin batera, EiTBk bere sukaldaritza-hiztegia jarri du HIKEAn, interesa duten guztientzat eskuragarri egon dadin. Beste hiztegi batzuen aldean, EiTBren hiztegia ez da hitz-zerrenda luze bat. Ez du helburu moduan sukaldari batek beharko lukeen lexiko guztia jasotzea, baizik eta sukaldaritza-programa batean eman behar diren azalpenetarako eta argibideetarako egiturak eta esamoldeak biltzea. Hain zuzen, hiztegiak ETB1eko sukaldaritza-saioetako lana du oinarritzat, eta beraren ardatza saio horietan prestatu diren plateren izenak dira, hala nola, 'berdel-tartarra lima eta sojadun ozpin-oliotan' edo 'Baztango onddoak ogi txigortu gainean baserriko arrautza gorringoarekin'.
Sukaldaritza-hiztegia HIKEAn
EiTBren sukaldaritza-hiztegia HIKEA aplikazioaren bidez kontsulta daiteke. Aplikazioa Tortolikan (EiTBren intranetean) aurki daiteke, eta EiTBren webgunean ere bai. Horrek esan nahi du edonork kontsulta dezakeela. Hiztegiak 300 sarrera inguru ditu, euskaraz eta gaztelaniaz —batzuetan, ingelesez eta, gutxiagotan, frantsesez ere bai—. Sarrera gehienek adibidea dute, eta horixe da hiztegiaren ezaugarri eta indar nagusia.
Adibideak plater-izenak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta sarrerako hitza zelan erabil daitekeen erakusten dute. Esate baterako, 'hornigai' (guarnición) sarreraren adibideak honela dio: «pintada rellena con guarnición de puré de castañas y bolitas de patata / pintada betea eta hornigai gisa gaztaina-purea eta patata-bolatxoak». Hau da, gaztelaniaz «con guarnición de X» esaten denean, euskaraz «eta hornigai gisa X» esan dezakegu. 'Txerrikume' eta 'piper" sarreretan, 'hornigai' hitzaren adibide gehiago aurki daitezke.
Kontsultak egiten direnean, nahikoa da Gaztelania eremuan 'guarnición' edo Euskara eremuan 'hornigai' jartzea. Aplikazioak datu-base osoa arakatzen du, eta 'hornigai', 'piper' eta 'txerrikume' sarrerak emango ditu erantzun modura. Sarreraren fitxa osoa ikusteko, adibide eta guzti, erabiltzaileak luparen ikonoan klikatu behar du.
Hiztegiko hitz guztiak eskuratu nahi izanez gero, HIKEA aplikazioko Gaia (1) eremuan 'Orokorra' aukeratu behar da, eta Gaia (2) eremuan, 'Sukaldaritza eta gastronomia'. Gainerako eremuetan ezer idatzi gabe, EiTBren sukaldaritza-hiztegiko sarrera-zerrenda osoa agertuko da.
ETB1eko sukaldaritza-programak
Euskarazko programazioan, "Zopa haundi" dugu aitzindaria sukaldean sartzen, Hasier Etxeberriaren eskutik, 1984. urtea zela. "Zopa haundi" gehiago zen saio gastronomiko bat, Karlos Arguiñanok hain popular egin dituen errezeta-programen estilokoa baino. ETB1eko lehen errezeta-programa Arguiñanok berak egin zuen, 2000 eta 2001 arteko denboraldietan, "Otorduan Karlos Arguiñano" tituluarekin.
Hainbat urte igaro ziren ETB1eko pantailan berriro ere errezetak ikusterako. Iñigo Agirre kuxkuxean ibiltzen zen "Arratsaldero" programan Euskal Herri osoko jatetxeetako sukaldeetan, chef ospetsuen platerak dastatzen. 2010-2011 telebista-denboraldia izan zen. 2013an, Agirrek grabaturiko tarteak "Arratsaldero pil-pilean" titulupean bildu ziren; 51 guztira.
2012an, ETB1eko sueteak donostiar bat izan zuen sukaldeburu, Aizpea Oihaneder. "Oihaneder bere saltsan" saioan, etxeko platerik tradizionalenak goi-mailako sukaldaritzarekin eta prestakin arin eta errazekin bateratzen zituen. "Txoriene" saioak ildo berari jarraitu dio 2013ko apiriletik: euskal sukaldaritza, janari osasungarriak, haurrek prestatzeko moduko platerak, sukalde-teknika modernoak, gastronomoentzako gutiziak eta abar. "Txoriene"-n, ETBko anfitrioiak euskal sukaldari profesional bat edo nutrizio-aditu bat hartzen du astelehenetik ostiralera bere plato ikusgarrian.
2013ko irailean hasi zen denboraldian, Pili Manterola chef getariarrak hartu zituen bere gain anfitrioiaren eginkizunak, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan hiru urtez urratutako bidean pauso berri bat eginda. 2015ean, Manterolak Zigor Iturrieta chef zornotzarrari igaro zion erreleboa. Iturrietarekin, nutrizio-adituaren figurak dimentsio zabalagoa hartu du, ikuspegian kirolariak, gastronomi elkarteetako bazkideak, produktu-hornitzaileak eta elikadura-eskakizun bereziak dituzten kolektiboetako ordezkariak gehituta. Iturrietak, Manterolak, Oihanederrek, Arguiñanok eta euren ondoan gonbidatu moduan izan dituzten chef, sukaldari eta adituek oso goi mailan jarri dute ETB1eko sukaldaritza-programazioa.
Sukaldaritza-saioetako euskara
ETB1eko sukaldaritza-programazioa hizkuntzaren erabileragatik ere dago goi mailan. Lehenengo Arguiñanok eta, geroago, Oihanederrek, Manterolak eta Iturrietak ardura handiz zaindu dute euren euskarari maila profesionala ematea. EiTBko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, terminorik zehatzenak eta adierazpiderik egokienak zabaldu dituzte euskaldun ikusleen artean, beste edozein hizkuntzatan era bereko programetan egiten den bezala. Laurek hartu dute, gainera, jarrera didaktikoa, eta ez dute inor utzi 'mugurdi', 'sueztitu' edo 'iraztontzi' zer den ulertu barik.
Lau ezaugarri azpimarra daitezke ETB1eko sukaldaritza-programetarako sukaldariok eta EiTBko Euskara Zerbitzua landuz joan diren euskara-ereduari buruz. Lehenengo eta behin, ahal den gehien ustiatu da euskararen ondare tradizionala. Euskara ez da berria sukaldean, eta 'gatza eman', 'trontzo' edo 'melatu' ez dira atzo goizekoak. 'Luzoker', 'orburu', 'hostore' eta hiztegiek zabaldutako beste hitz askori egoki iritzi zaie alde bateko eta besteko euskaldunei hitz egiteko. 'Zainzuri', 'galdarraztatu', 'angurri', 'txitxirio', 'bilkari' edo 'irasagar-gozoki' bultzatzean, beraz, helburua izan da erro sakonak eta sendoak dituen sukaldaritza-hizkera lantzea.
Bigarrenik, euskalki guztiek dute lekua: 'madari' eta 'udare', 'baratxuri' eta 'berakatz', 'babarrun' eta 'indaba'... Pantailan idazteko bat aukeratu behar denean, une horretan sukaldean ETBko anfitrioiarekin batera diharduen chefaren arabera aukeratzera jotzen da.
Hirugarren ezaugarria da hitz-elkarketaren baliabidea muturreraino eraman dela. Hau da, sarri jo da elkarketara: 'baserriko arrautza gorringo', 'laranja-lore ur', 'indaba zuri entsalada' eta abar.
Azkenik, osagaiak idatziz adierazteko, produktua lehenetsi da, kantitatea lehenetsi ordez. Hiztegiaren osagai sarreran ikus daitekeenez, errezetetan, «azukrea, 75 g» jartzea hobetsi da, ahozkorako utzita «75 g azukre» esapidea.
esapidea.