Heriotza
Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da
eitb.eus
Hazparnen duela 95 urte jaioa, euskalgintzaren erreferente nagusietakoa izan da Ipar Euskal Herrian.
Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela. Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi zion, eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
Charrittonek naziengandik ihesi zebiltzan frantziarrak ezagutu, eta batzuk ezkutatu zituen; Russell Kirby hegazkin-pilotu ingelesa bere etxean hartu zuen hilabete pare batez, esaterako. Gero, muga zeharkatzen lagundu zion, eta balentria horrengatik Frantziako Errepublikak soldat sans uniforme des Forces Françaises izendatu zuen (uniforme gabeko gudaria) eta aliatuen Aire Indarretako komandante nagusiak diploma bat eman zion, esker onez.
80ko hamarkadan, Charritton politikagintzan jardun zen, Eusko Alkartasuna alderdian. 1988tik 1997ra alderdiaren arduradun nagusia izan zen Ipar Euskal Herrian, eta 1993tik 1995era zinegotzi izan zen, Baionako Udalean.
1999an, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion.
"Dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran"
“Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
“Izugarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz. Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok”, aitortu du Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak, bere laguna gogoratuz.