Euskara
'Euskaraldia' euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena aurkeztu dute
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herri osoko herri erakunde eta gizarte eragileen ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, "11 egun euskaraz" lelopean, hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskaraldia euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena aurkeztu dute ostegun honetan Bilbon Euskal Herri osoko herri erakunde eta gizarte eragile eta elkarteek.
Egitasmoa 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, "11 egun euskaraz" lelopean, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako erakunde eta elkarteak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.
Aurkezpena Arriaga antzokian egin da, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordeak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Naiara Mujika Lasarteko Ttakun euskaltzale elkarteko kideak eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak hartu dute hitza.
Gainera, egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako kideak ere egon dira aurkezpenean. Erakunde horien artean daude Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiak, AEK, Eudel, Elhuyar, EHU, Eusko Ikaskuntza, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Soziolinguistika Klusterra, Tokiko, Uema eta UEU.
Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten "Euskarak 365 egun" lan ildoaren baitan kokatzen da Euskaraldia, eta bi mugarri ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragin nahi du, eta, horrela, beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea ere izango da ekimenaren helburua.
Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, bi modutara parte hartu ahalko dute 16 urtetik gorako herritarrek, "ahobizi" eta "belarriprest" bihurtuta, hain zuzen ere. Ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak izango dira ahobizi, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere; belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak izango dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Beraz, auzo, herri zein eskualdeetako euskaltzale taldeak arituko dira antolatzen, baita elkarte, enpresa zein erakunde askotakoak ere.
Herri eta erakundeek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera, eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Une honetan, 40 herritik gora, zenbait hiriburu tartean, Euskaraldia antolatzen murgilduta daudela aurreratu du Illarok, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela nabarmendu du.
Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia dinamikan izena emateko aukera. Izen-ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta ahobizi zein belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan ahobizi edo belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte-hartzaileek.
Abiapuntua
Euskaraldiaren abiapuntua azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan dago. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako "Egian euskaraz bizi nahi dugulako" ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du jarraipena azken urte eta erdian. Horrela, Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitako bidea.
Zehazki, maiatzean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egindako Udaltop topaketan Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako proposamenean du abiapuntua Euskaraldiak. Horrela, maiatzetik aurrera, eragile instituzional eta sozialei aurkeztu zaie proposamena, eta horien ekarpenei esker garatu da.
Helburu bikoitza izan dute harremanek: batetik, dinamika sakonago aurkeztu eta zalantzak argitzea, eta, bestetik, ekarpenak jaso eta 2018ko ekimenean parte izateko gonbidapena egitea. Harreman horiei esker, Euskal Herri osoko erakunde eta eragileak sartu dira ekimenaren sustatzaile taldean; besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Nafar Institutua, Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Soziolinguistika Klusterra.
Elkarlana
Horrela, elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute ekimena aurkeztu duten eragileek. Azken hilabeteetan hizkuntzaren normalizazioaren bueltan ari diren erakundeek behin eta berriz nabarmendu dute elkarlanaren beharra, eta Euskaraldia elkarlan hori gauzatzeko "aukera paregabea" dela azaldu dute. Euskal Herri osoan ematen hasi den elkarlanerako dinamika hau herriz herri ere gauzatzea bada Euskaraldiaren helburua.
Ildo horretan, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Lakaren hitzetan, "azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke".
Halaber, era guztietako entitate eta erakundeek euskarazko hizkuntza praktikak eta harremanak bultzatzeko eta babesteko duten funtzioa nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, azaldu dutenez, euskarazko harremanek, hiztunen hautuaz gain, testuinguru egokiak ere behar dituzte, eta, beraz, entitateen funtzioa ahobizi eta belarriprest izan nahi duten horien izen-ematea bultzatzeaz gain, beren funtzionamenduan euskarazko harremanetarako espazioak sortzea eta praktika hori errazteko neurriak hartzea ere badela gogorarazi dute.
Horrela, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du euskararen erabilera errazteko erakundeetatik ere aritu behar dela. "Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan", adierazi du.
Gainera, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak Euskaraldiaren pertsonaia nagusiak herritarrak izango direla azpimarratu du, nahiz eta, bere esanetan, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua den; hau da, "bakoitzarena eta molde guztietako entitateena". "Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geruza behar dute. Euskarazko harremanak posible izateko, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetatik. Bide horretan gure engaiamendua adierazi nahi dugu", esan du.