Ekainak 7
Txomin Agirreren ‘Kresala’ irakurriko dute Klasikoen Irakurraldi Jarraituan
Agentziak | Erredakzioa
Bederatzigarrenez irakurriko dute, Bilbon, euskal literaturaren klasiko bat, euskara ikasleak omentzeko. 12 orduz jarraian, 400 bat lagunek hartuko dute parte eitb.eus-en ikusi ahalko den ekitaldian.
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren bederatzigarren edizioak bizkaieraren garrantzia azpimarratu, eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatuko ditu, Txomin Agirreren Kresala irakurrita.
Ekimena Arriaga Antzokian izango da, ekainaren 7an, Euskara Ikasleen Jaiaren barruan. Arriagako plazan egingo den erromeria batekin bukatuko da jaieguna, iluntze partean.
Horrela, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleek Klasikoen Irakurraldi Jarraitua antolatu dute hamaikagarren aldiz, ikasturtea amaitzeko, eta 12 orduz jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Txomin Agirreren obra irakurtzen.
eitb.eus-en, zuzenean
Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean eta EiTBren webgunean jarraitu ahal izango da, zuzenean.
Irakurraldia 08:00etan abiatuko du Kirmen Uribe idazleak, eta 20:00etan bukatuko da. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu "Kresala" lanaren pasarteak: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak, Bilbo Zaharra euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak eta abar. Tarteka, munduko euskal etxeetan grabatutako irakurketen bideoak ere proiektatuko dira.
Gainera, urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriaga Antzokian irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi batzuk antolatu ditu. Lehenengoa otsailean egin zen, eta aste honetan Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe ariko dira.