Elkarrizketa
Jabier Kalzakorta: 'Baladek badute aparteko giro bat, aparteko indar poetiko bat'
Natxo Velez | eitb.eus
Jabier Kalzakorta ikertzaile eta euskaltzainak ‘Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa’ lana argitaratu du, euskal balada tradizionalen corpusa. Berarekin hitz egin dugu.
Jabier Kalzakorta euskaltzain, ikertzaile, irakasle eta ahozko literaturan aditua hainbat eta hainbat urtean aritu da baladen xerka, dokumentu zaharretan, etxeetan, kortetan, liburutegietan eta denetariko gordelekuetan ezkutatutako altxorrak biltzen, eta orain Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa (Labayru Fundazioa, 2018) lanean testuratu ditu bide horretan jasotakoak.
Euskal baladen, kontapoesien, antologia egin du markinarrak, eta poemon lehen dokumentuetara, biltzaileek kantua entzun ondoren egindako lehen transkripzioetara, jo du horretarako.
Guztira 1.500 orri dituzten bi liburuki marduletan, ahoz aho helarazitako kantu narratibo noiz gozo noiz tragiko baina beti hunkigarriak eta horien aldaerak bildu ditu Kalzakortak, baladen indar poetikoaren erakusgarri, testu hauen xarma harrapatzeko eta zabaltzeko ahaleginean. Berarekin hitz egin dugu, lanaren inguruko zertzelada batzuk jasotzeko.
Zelan muga dezakegu balada? Zer behar du kantuak, forma eta estilo aldetik, baladatzat hartzeko?
Galderari ondo erantzuteko, orri asko beharko nituzke. Balada hitzak adiera asko ditu; kantari batzuek baladak kantatzen dituztela entzuten badugu edo François Villonek baladak idatzi zituela entzuten badugu, badakigu guztiz gauza diferenteez ari direla. Euskaraz erromantze hitza erabiltzen zen batez ere 80ko hamarkadara arte kantu narratiboak esateko. Behin 80ko hamarkadatik aurrera, balada hitz orokorra erabili ohi dugu euskaraz, kantu narratiboak adierazteko.
Kontapoesia hitzak, hitz bakarrean ondo adierazten du, neurri batean, zer den balada: ixtorio bat kontatzen duen kantu edo poesia. Ixtorio hori, gainera, elkarrizketa eta narrazio bidez egiten da: balada askok narrazio zein elkarrizketa-ahapaldiak dituzte. Badira, ostera, elkarrizketa hutsezko baladak ere.
Euskal baladen ezaugarrien artean, asko eta asko daude: zenbakien erabilera berezia (zazpi eta zortzi zenbakiak zein hamalau eta hamabost...), bihurkiaren erabilera, nekez defini litekeen indar poetikoa, elipsiaren erabilera berezia, gertaerak eszena desberdinetan emateko baliabidea...
Baladek badute aparteko giro bat, aparteko indar poetiko bat, eta delako zer hori hitzez adieraztea zaila baino zailagoa da. Balada bat irakurtzen edo entzuten duena berehala konturatzen da irakurri edo entzun duen kantuak badaukala definitzen, adierazten zail den zerbait.
Badago ezberdintasun funtsezkorik euskal baladen eta beste toki batzuetako poema narratiboen artean? Zein?
Euskal baladen ezaugarri funtsezkoenetakoa euskarazkoak izatea da. Euskarazkoak, gainera, bakoitza bere euskalkiaren ezaugarriekin. Bizkaiko 'Neskatxa ontziratua' eta Zuberoakoak neurri handi batean bat badatoz ere (kontatzen den ixtorioan, eszena diferenteetan eta abar), oso desberdinak egiten zaizkit niri, euskalki bakoitzak ematen duen giro edo edertasun horretatik begiratuta.
Ni euskal baladen corpus bat zehazten aritu naiz, eta lan hori, bere horretan bakarrik harturik, lan luzea eta zaila da. Gainerako tradizioak ez ditut ezagutzen, eta ezin, beraz, oraingoz behintzat, konparaketarik egin. Ez ditut ezagutzen, jakina, beren osotasunean... Horrek ez du esan nahi hizkuntza bateko eta besteko hainbat eta hainbat ale irakurri eta ahogozatu ez ditudanik.
Euskal Herriko lurraldeetatik zein izan da emankorrena, baladei dagokienez? Zergatik?
Bi galderak zailak dira, eta bigarrena, niretzat, ezinezkoa. Ezin dugu jakin, gainera, zein lurralde izan den emankorrena. Nik behintzat ezin dut jakin, eta uste dut inork ere ezin duela jakin.
Jakin dezakegun bakarra da non bildu den balada gehien. Eta balada gehien bildu den lurraldea ez da, jakina, nahitaez, lurralde hori aberatsena izan delako. Eman dezagun, kasurako, oso adibide erraz bat. Ibai handi batera ez doa inor arrantzatzera, eta errekasto batean hainbat arrantzale ari dira arrain harrapaketan. Bi lekuetatik, non bildu da arrainik gehien? Arrainik bildu bada, errekasto txikian bildu dira, hor izan direlako arrantzan. Ibai handira ez da inor joan, beraz, hango arrainik ez du inork jango. Biltzaileak izan diren lekuan, garai batean, izan da zer bildua. Gaur egun, ordea, baladen transmisioa eten denez gero, ahozko transmisiotik ez dago zer bildu handirik. Ezer ere ez, esango nuke.
Nolakoa izan da baladak biltzeko egin duzun lana? Zenbat denbora hartu duzu eta nola gauzatu duzu bilketa? Zein iturri erabili dituzu?
Hemen ere hiru galdera batera eta erantzuten ez errazak. Nik egin dudan lanean euskal baladen corpusa finkatu nahi izan dut, jatorrizko dokumentuetara joz. Jatorrizko dokumentuei lehen dokumentuak deitzen diet. Folklorezaleak edo biltzaileak kantua entzun ondoren egin duen lehen transkripzioari deitzen diogu lehen dokumentua. Lan hau egiteko, Jean-Baptiste Arxü, Salaberri (Sallaberry, frantsesez idatzirik), Azkue, aita Donostia eta abarren dokumentuak erabili behar izan ditut.
Lana aurrera eramateko erabili dudan denbora ere zaila da esaten. Hainbat urtetan ibili naiz, euskal balada baten gaineko ene lehen lana orain dela ia hogei urtekoa da. Bien bitartean, ordea, baladekin zerikusirik ez duten hainbat artikulu eta lan egin behar izan ditut.
Erabili ditudan iturriak bi eratakoak dira. Batetik, euskal baladen gainean argitaratuak dauden lan guztiak erabiltzen saiatu naiz. Bestetik, kantu eta kantutegi argitaragabeak zein lan argitaratuen oinarrian dauden lehen dokumentu edo eskuizkribuak biltzen saiatu naiz.
75 balada gai eta horien 1.000 bat aldaera batu dituzu liburuan. Zer-nolako aldeak egoten dira aldaera batetik bestera eta zeri zor zaizkio aldaketa horiek?
Gaiak, bai, 75en bat izan dira, baina aldaerak ez dira hainbeste izan. Azken gaia sasibaladena izan denez gero, hogeiren bat gai eman ditut. Guztira, beraz, ia ehun balada gai aztertu ditut.
Balada gai berean aldaketak izatea normala baino normalagoa da. Kontrakoa gertatuko balitz, zerbait ondo ez dagoen seinale izango litzateke. Ezinezkoa da balada bat leku desberdinetan eta berriemaile desberdinen ahoan guztiz bat izatea. Berriemaile berak ere bere bizitzaren garai desberdinetan, performance edo emanaldi diferenteetan beharbada ez du balada berdin-berdin kantatuko.
Zer-nolako aldeak egoten diren ere zaila da esaten. Baladen alorrean bakar-bakarrik ezagutzen dentxoaren gainean hitz egin liteke. Beste guztia hutsaren gainean etxea egitea bezalakoa da: zimenduak lurrean jarri beharrean, hodeietan jartzea. Balada gai bakoitzeko eredu diferenteen aldeen artean, mila eta bat kontu eta desberdintasun egon litezke.
Askotan, aldaera kamustuak biltzen dira. Norbaitek, esaterako, balada gai baten lau ahapaldi kantatzen baditu baina bere amak askoz gehiago zekizkiela esaten badizu, zer ondorio ateratzen duzu? Tradizioa ez dela guztiz eten; pobretu, ordea, zerbait baino gehiago...
Zein da jasotako lanik zaharrena?
Euskarazko balada eredurik zaharrenak, historikoki lehen bildu direnak, XIX. lehen erdikoak dira. Zahar-zaharrena, beharbada, Itsasun, 1801ean Wilhelm Humboldt-ek bildu zuena izan liteke.
Euskal baladarik ezagunena “Bereterretxeren khantoria” lazgarria da. Zer dela eta, zure ustez? Badago bestelako arrazoirik, testu lehor eta hunkigarriaz haraindi?
XV. mendeko gertaerak kontatzen omen ditu “Bereterretxeren khantoria”k. Kantuak gertaera odoltsu eta ahaztezin bat kontatzen du. Traizio bat, gerra garaian, Pazko egunean, gertatu zen gertaera odoltsu bat.
Nik uste dut kantu hori jendearen memorian iltzatzeko, gogoangarri egiteko, norbaitek —edo norbaitzuek— kantu bat sortu zutela. Kantu hori ahoz aho transmititu zen mendeetan zehar eta lehen argitarapena 1870 urtekoa da.
Kantu horretan badago esaldi bat urregorria baino baliosago dena: “bizi denak orhoit düke Bazko-biharamena”. Horretarako sortua da, beraz, kantua oroitua izateko...
Zazpi gaitan bildu dituzu baladak. Laburbilduko zenituzke talde bakoitzeko baladen ezaugarri nagusiak?
Hau ere ezinezko kontua da. Talde horiek neurri handi batean arbitrarioak dira. Balada gai batek batetik duena badu bestetik ere, orduan zein multzotan sartu?
Nik Antonio Zavalak egin zuen eskemari jarraitu nion, berak egin baitzuen baladen aldaera zein gaien aldetik lanik osoena. Banaketa guztietatik, ene ustez, bi multzo dira definitzen errazenak: historikoak eta erlijiozkoak.
Gainerako sailkapenak, sailkapen asko bezala, guztiz eztabaidagarriak dira. Baina multzotan sartu beharrean baladak elkarren segidan jarriko balira, askoz kontu nahasiagoa aterako litzateke.
Ahoz transmititu dira baladak egun arte. Zein egoeratan dago egun, teknologiak inguratuta bizi garen honetan, ahozko literatura? Zer adierazpide ditu? Zer etorkizun?
Egin didazun galdera bakoitzeko, liburuak ez ezik, tesi-lanak ere idatz litezke. Gaur egun euskal baladen transmisioa eten egin da. Antonio Zavala euskal baladak biltzen 1960. urtea baino lehen hasi bazen ere, ale bakarra bildu zuen ahozko tradiziotik. Ale hori, gainera, “Urtsuko balada” gaiaren aldaera oso kamustu bat zen.
Ahozko literaturak, gaur egun, neurri handi batean desagerturik dagoenez gero, balio handia hartzen du. Zenbait kasutan ez da desagertu, baina guztiz eraldatu, bai. Uste dut, kasurik onenean ere, ezer gutxi dakigula ahozko literaturaz edo ahozko literaturaren hainbat genero edo alderdiez. Are espezialistarik handienak ere ezer gutxi daki. Norbaitek asko dakiela uste badu, edo guztiz erotua dago edo errealitatearen irudi faltsu bat du.
Euskal balada zenbaiten testuak baditugu eta testu horien gehienen doinuak ere bai. Altxor bat, hizkuntza, literatura eta doinuen aldetik. Etorkizunari buruz, zer esan? Ezer gutxi edo bat ere ez. Norberak esan beharrean geroak esango du.