Itxi

Uztailak 12

Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa, euskararen erabilerari buruz hausnarrean

eitb.eus

Leer en Castellano

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaren arduradunek euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak aletuko dituzte ostegunean, uztailak 12.

Euskaltzaindiak eta Sabino Araba Fundazioak “Euskararen erabileraren gakoak” mintegia antolatu dute ostegunerako, uztailak 12, antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, “euskarak azken hamarkadetan aurrerakada handia egin duen arren, erabilerak ez baitu horrenbeste egin”.

Jardunaldia irekitzeko, Sabino Arana Fundazioaren Bilboko egoitzan izango dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Andres Urrutia euskaltzainburua; eta Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea.

“Ezagutzak aurrera egin badu ere, euskararen erabilerak ez du horrenbeste egin. Arrazoiak ugariak dira: euskararen dentsitate demolinguistikoa, hiztun berrien hizkuntza gaitasuna, euskara baliatzeko dituzten egiazko aukerak, ohiturak eta abar”, Sabino Arana Fundazioaren arabera.

Gai horiek guztiak hartuko dituzte hizpide uztailaren 12an, ostegunarekin, Fundazioak Bilbon duen egoitzan, 09:00etatik 13:30era.

Lehen mahai inguruan, Jon Aizpuruak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduradunak; Euskal Herriko Unibertsitateko Garbiñe Beraziartua eta Beñat Muguruza irakasleek eta Joxerra Gartzia idazle eta kazetariak ondoko gaia jorratuko dute: “Euskaraz jakin arren, erabiltzeko mugak eta oztopoak”. UPV/EHUko irakasle Ibon Manterolak bideratuko du ondoko eztabaida-saioa.

Jarraian, Miren Dobaran andreak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Mikel Arregi jaunak, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak; eta Joseba Erremundeguy jaunak, Euskararen Erakunde Publikoaren Misio Kargudunak, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren “Euskararen erabilera sustatzeko politika publikoez” jardungo dute. Euskaltzaindiko idazkariordeak, Erramun Osak bideratuko du ondoko eztabaida-saioa.