Itxi

‘Euskara Munduan’

Etxepare Institutua arduratuko da Euskal Etxeetan euskara irakasteaz

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Etxeparek gauzatuko du “Euskara Mundua” programa 75 Euskal Etxetan euskara irakasteko, HABEri lekukoa hartuta.

2017ko jarduera eta 2018ko lan ildoak eztabaidatu zituen Etxepare Institutuaren Patronatuak

Etxepare Institutuak hartuko du “Euskara Munduan” orain arte HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak kudeatzen zuen programaren ardura, eta mundu zabaleko 75 Euskal Etxetan euskara irakatsiko du.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen mahaiburu atzo, asteazkenarekin, Lehendakaritzaren egoitzan egin zuten Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran. Institutuaren kudeaketarekin loturiko hainbat gairen berri ematearekin batera, 2017. urtean gauzatutako jarduerak azaldu zituzten eta 2018. urteko ekintza nagusien berri eman. 2,59 milioi euroko aurrekontua izango dute aurten.

Lan ildo nagusiei dagokienez, Irene Larraza Etxepare Institutuaren zuzendariak esan zuen herriko erakunde publiko eta kultur eragileekin koordinazio eta lankidetza hobetzeko asmoa dutela.

Gainera, diru-laguntzen deialdietan hainbat aldaketa egin dituzte, “kultur sektorearen beharrei hobeto erantzuteko”, eta diru-laguntza berri bat sortu dute nazioarteko liburu azoketan liburuaren sektoreko profesionalen parte hartzea bultzatzeko.