Mendeurrena
21 erakundek osatu dute Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua
eitb.eus
Gaur Bilbon eratutako Patronatuan Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa daude ordezkatuta, besteak beste.
Gaur, ostiralarekin, Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian.
Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak daude bertan ordezkatuta, baita kanpoko batzuk ere: Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Espainiako Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel), Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF), Baionako Herriko Etxea, Bilboko Udala, Donibane Garaziko Herriko Etxea, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Iruñeko Udala, Mauleko Herriko Etxea, Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademia.
Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza: “Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, euskara eta euskal kulturaren mesedetan”, adierazi du.
“Guztiok gara Euskaltzaindia”
Urrutiak aitortu du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta esan du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela amatatu, euskara aitzinatzeko erakundearen nahiak indartsu jarraitzen duela eta ohartarazi du zeregin hori “euskararen eremuan lan egiten duten guztiekin batera” gauzatu behar duela, “ondorengo urteetan ere Euskaltzaindia erreferentea izan dadin euskararen munduan, tankera irekian lan eginez, guztiok baikara Euskaltzaindia”.