Euskaraldia
Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaraldirako hamaikakoa aurkeztu du
eitb.eus
Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak osatuko dute, besteak beste.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 11 egunez, martxan izango den Euskaraldia ekimenean parte hartzeko konpromisoa irudikatu du gaur Bizkaiko Aldundiak, bere hamaikakoa aurkeztuta:
Unai Rementeria ahaldun nagusiak, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Ana de Castro Euskara zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko gerenteak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendariak, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak, Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusiak, Euskara Zerbitzuko zenbait langilek, EraMietan (BFAko administrazio-ataletan euskaraz lan egiteko mikroplanetan) parte hartzen duten zenbait langilek eta Euskara Bizia Batzordeko kideek osatuko dute.
Bizkaiko Foru Aldundia Euskaraldiaren erakunde sustatzaileetako bat da, beste hainbat erakunderekin batera: Eusko Jaurlaritza, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Topagunea, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa, Eudel, UEMA, UEU eta beste hainbat elkarte eta fundazio.
Bizkaiko herritarren eta foru erakundeko langileen artean ekimena zabaldu eta euskararen erabilera errazteko lana hartu du bere gain hamaikakoak.