Itxi

Unitate didaktikoa

Euskaraldiaren inguruko unitate didaktikoak sortu dituzte

Leer en Castellano

Ikastolen Elkarteak eta AEK-k unitate didaktiko bana prestatu dute ikasleei bideratuta, eta “Irria” aldizkariak zenbaki monografikoa prestatu du.

Ikastolen Elkarteak eta AEK-k unitate didaktiko parea sortu dute Euskaraldiaren ildora, eta Irrien Lagunak elkarteak "Irria" aldizkariaren ale monografikoa kaleratu du, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa soziala ardatz hartuta.

Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak azaldu duenez, Ikastolen Elkarteak eta AEK-k egindako unitate didaktikoak ikasleei Euskaraldiaren berri emateko asmoz sortu dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak adierazi duenez, hezkuntzan "ilusio eta gogoarekin" ari dira lanean Euskaraldiaren inguruan, eta horren ondorio da Ikastolen Elkarteak sortu duen unitate didaktikoa.

Ikastolen Elkarteak hiru ataletan banatu daitekeen unitate didaktikoa sortu du: lehena, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa da, bigarrena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa, eta hirugarrena Batxilergoko ikasleek erabiliko dute.

Garazi Urrusolo Irrien Lagunak elkarteko kideak, bestalde, "Irria" aldizkariaren monografikoa aurkeztu du: “Irrien Lagunakek ere bere aletxoa jarri nahi izan du Euskaraldiaren baitan haurrei dagokien lanketan”.

AEK-k sortu dituen material didaktikoei dagokienez, Helduen Euskalduntzearen Curriculumak dituen mailen arabera antolatuta daude: A1, A2, B1, B2 eta C1. "Ikasle guztiei erantzuna emateko egin ditugu eta, jakina, ikasteko prozesuaren barruan  aurrez aurreko mailetan zein autoikaskuntzan dabiltzan ikasleekin erabiltzeko pentsatuta daude", Mertxe Mugika koordinatzailearen arabera.

Albisteak (1)