Euskaltzaindia
Azkueren 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu ditu Euskaltzaindiak
Agentziak | Erredakzioa
Akademiaren sortzaile izan zenak duela ehun urte idatzitako "Ardi galdua" eleberriaren edizio berria ere argitaratu du
Euskaltzaindiak Resurreccion Maria Azkuek 64 urtetan argitaraturiko 922 idazlanak katalogatu eta digitalizatu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Jakin Fundazioaren laguntzarekin, eta https://www.euskaltzaindia.eus/azkue-funtsa web orrian kontsulta daitezke dagoeneko. Gainera, Euskaltzaindiaren sortzaile izan zenak duela ehun urte idatzitako "Ardi galdua" eleberriaren edizio berria argitaratu du Akademiak.
Andres Urrutia egungo euskaltzainburuak adierazi duenez, "Azkue lehen euskaltzainburuaren izena eta izana birgogoraraztea da helburua, haren lanak atondu eta teknologia berrien bitartez gizarte osoaren eskura jarriz. Aurrerantzean, haren lan argitaratuak Sarean izango dira eta horretarako ezinbestekoa izan da Jakin Fundazioaren laguntza, berak egin baitu digitalizazio lana eta atonketa".
Halaber, "Ardi galdua" eleberriaren berrargitalpena ere aipatu du Urrutiak: "Euskararen estandarizaziorako bidea ekarri zuen Azkuek proposaturiko gipuzkera osatuaren erakusle bikaina, hain zuzen ere. Ana Toledo eta Elixabete Perez Gaztelu irakasle eta Euskaltzaindiko kideek prestatu dute edizio berria, orain dela ehun urteko eta gaurko ortografian ".
Azkuek 64 urtez argitaratu zituen idatziak: lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa.