Euskara Ikasleen Jaia
‘Otto Pette’ omenduko dute Klasikoen Irakurraldi Jarraituan, ekainaren 6an
eitb.eus
400 bat lagunek Anjel Lertxundiren obraren 25. urteurrena ospatuko dute, eleberria ahoz gora irakurtzen, Arriaga antzokian, 08:00etan hasita. eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du.
Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamabigarren edizioak Anjel Lertxundiren Otto Pette-ren 25. urteurrena ospatuko du ostegunean, ekainak 6, euskal literaturaren funtsezko obra hau irakurriz.
Ekimena, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Arriaga antzokian izango da ekainaren 6an, ostegunarekin, eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da. Irakurraldiaren ondoren, Arriagako plazan erromeria bat egingo dute, bukatzeko.
Hamaika orduz jarraian, 08:00etatik 19:00etara etengabe, eitb.eus-en kamerak lekuko direla (zuzenean ikusi ahalko da irakurraldi osoa), 400 bat lagun txandatuko dira Anjel Lertxundiren obra irakurtzeko.
Anjel Lertxundik irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, eta euskal gizartearen arlo guztietako jendeak jarraituko dio, txatalak irakurriz: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bilboko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak; Bilbo Zaharra euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak…
Horrez gain, tarteka, Parisko, Londresko, Tokioko, Montevideoko, Kubako, Berlingo, Txileko, Sydneyko eta beste hainbat hiritako euskal etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira. Bestalde, Zazpikaleetako eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizioei buruz argazkiz eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.
Hitzaldi sorta
Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi sorta bat antolatu du. Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira mintzaldiok, 19:00etan.
Ekainaren 3an, Pako Aristik “Otto Pette ene bihotz-begietan” hitzaldia eskainiko du, eta Jon Alonsok “Metafora zen erresuma haren izena” izenburukoa. Ekainaren 4an, asteartearekin, Tere Irastortzaren (“Otto Petteren irakurketa gaurkotua”) eta Garbiñe Ubedaren (“Ziztada bat”) txanda izango da, eta Anjel Lertxundik berak itxiko du zikloa, ekainaren 5ean, “Hilean bizian bezala” izeneko solasaldiarekin.