Ekainak 6
Jarraitu zuzenean eitb.eus-en 'Otto Pette'ren irakurraldi jarraitua
eitb.eus
08:00etatik 19:00etara Anjel Lertxundiren eleberriaren irakurketa etengabea egingo dute Arriaga antzokian, Bilbon, Euskara Ikasleen Jaian.
400 bat lagunek ahotsa jarriko diote ostegun honetan, ekainak 6, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpietara etengabe, ‘Otto Pette’ Anjel Lertxundik duela hogeita bost urte idatzitako eleberri klasikoari, eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako jarduera hori, urtero ohi duenez.
Hamabigarren aldiz egingo dute Klasikoen Irakurketa Jarraitua aurtengoan, eta Anjel Lertxundiren eleberria aukeratu dute, 25 urte baitira argitaratu zutenetik.
08:00etan hasiko da ekitaldia, eitb.eus-eko kamerak lekuko direla, eta Anjel Lertxundi bera arduratuko da irakurraldia abiatzeaz. Haren ondoren, 400 pertsonak hartuko dute hitza Arriaga antzokian, tartean Bilboko alkatea, euskaltzainburua eta beste hainbat gizarte ordezkari direla, 19:00ak arte.
Horrez gain, tarteka, Parisko, Londresko, Tokioko, Montevideoko, Kubako, Berlingo, Txileko, Sydneyko eta beste hainbat hiritako euskal etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira.
Hori guztia, esan bezala, eitb.eus-en ikusi ahalko da, zuzenean.