Hiztegia
Euskaltzaindiak hiztegi etimologiko bat kaleratu du
eitb.eus
"Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa" filologo eta hizkuntzalarientzat nahiz bestelako hizkuntzazaleentzat prestatuta dago, eta oraingoz paperean soilik egongo da erabilgarri.
Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak, 200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera dituen bilduma eta, Akademiaren arabera, “euskararen historia ezagutzeko lan tresna txiki baina garrantzitsua”.
Proiektua 2009an abiatu zuten, eta “hitzen sorrera aztertzea eta azaltzea” du helburu, Joseba Lakarra koordinatzaileak azaldu duenez.
“Hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan… oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez”, esan du Lakarrak, eta orain paperean publikatutakoa (aurrerago sareratuko dute lana) “etorkizuneko hiztegi modular handi” baten lehen zatia dela gehitu du.
Hiztegia euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia da, batez ere, gaurko aurkezpenean zehaztu dutenaren arabera: “Gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan”.