Irailak 12-13
Ingurune digitalak hizkuntzaren estandarizazioan duen eragina, aztergai Donostian
eitb.eus
Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoa Tabakaleran izango da, irailaren 12an eta 13an, eta 21 adituk hartuko dute parte bertan.
Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren harira antolatu dituen jardunaldi akademikoetako azkena irailaren 12an eta 13an izango da, Tabakaleran, eta 21 hizlari eta adituk hartuko dute parte: Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide eta Patxi Uribarren euskaltzainak; Iolanda Fernández Casal (Real Academia Galega); Hans Van de Velde (Fryske Akademy); Vincenç Rivière (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Joaquim Rafel (Institut d'Estudis Catalans); Josu Aztiria (Elhuyar); Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea); Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea…
Azken mintegi honetan, ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara aztertuko dituzte, helburu jakin batzuk bilatuz: nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan eguneroko eta ezinbesteko bihurtu den ingurune digitalaren bitartez.
Jardunaldia irailaren 12an abiatuko dute, 09:00etan, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.
Urriaren 5ean amaituko dira Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak, Gipuzkoako Foru Aldundian egingo den ekitaldi ofizialarekin.