Euskaraldia
Ehunka enpresa, erakunde eta elkartek osatuko dituzte ariguneak Euskaraldian
eitb.eus
Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da, eta arigune edo euskara erabiltzeko gune babestuak izango dira berrikuntza nagusia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, milaka arigune aktibatzen ari dira jadanik Euskal Herri osoan. Edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa dira ariguneak, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan euskara erabiltzeko sortzen diren gune babestuak.
Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte egongo da irekita, antolatzaileek gaur Donostian egindako prentsaurrekoan esan dutenez, eta denetariko taldeak sortzera deitu dute.
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen hitzetan, entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituzte Euskaraldian, eta horrek garrantzi kualitatibo handia eragingo duela azpimarratu du, “euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen diolako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi nagusiarekin bat egiten duelako eta euskararen biziberritze-prozesuari hauspoa ematen diolako”.
Herriek izena emateko aldia ere martxan dagoela gogorarazi du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak (ekainaren 27ra arte dago zabalik). 2018ko edizioan, lehenengoan, batzordeak Euskal Herri osoko 405 udalerritan izan ziren martxan, horren hitzetan, eta aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du.