2020ko datuak
65 milioi hiztegi kontsulta eta 12 milioi itzulpen eskaera, Elhuyarren baliabideetan
N. V. | EITB Media
Itzulpenen % 58 gaztelaniatik euskarara izan dira, eta % 17 euskaratik gaztelaniara.
Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia arloko zerbitzuek sekula baino erabiltzaile gehiago izan dituzte 2020an.
Elhuyarren hiztegien webguneak 6.572.547 bisita izan ditu, eta 64.985.491 kontsulta egin dituzte erabiltzaileek, 2019an baino % 11 gehiago.
Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunak, berriz, 1.776.767 bisita izan ditu, eta 12.180.660 itzulpen eskaera jaso ditu. Guztira, 287.949.688 hitz itzuli ditu; % 58 gaztelaniatik euskarara, % 17 euskaratik gaztelaniara, % 8 gaztelaniatik katalanera, % 8 gaztelaniatik galegora, eta % 9 beste hizkuntza-bikoteen arteko itzulpenak izan dira.
Hiztegien webgunean, lehendik zeuden 963 hiztegi-sarrera eguneratu dituela azaldu du Elhuyarrek ohar batean, eta 1.223 berri gehitu; tartean, COVID-19arekin lotutako hiztegi bat osatu du.
Gainera, 2020an #ElhuyarrenGomendioak izenarekin bataiatutako ekimen berri bat jarri da abian. Ekimen horren bitartez, euskararen erabilera egokiarekin lotutako gomendioak argitaratzen dira sare sozialen bidez, eta zabaldutako gomendio guztiak kontsultatzeko aukera dago.