Itxi

Irakurketa jarraitua

200 pertsonak "Linguae Vasconum Primitiae" irakurriko dute ostegunean, Bilbon

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Xabier Amurizak batura ekarri du euskaraz inoiz argitaratutako lehen liburua, eta berak abiatuko du eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko den irakurraldia.

Mariasun Landa idazlea, 2020ko irakurraldian

200 pertsonak modu jarraituan irakurriko dute ostegunean, Bilbon, inoiz euskaraz argitaratutako lehen liburua, Bernat Etxepare baxenabartarraren "Linguae Vasconum Primitiae" (1545), txandaka eta ahoz gora, sei bat orduz, Klasikoen Irakurraldiaren edizio berri batean.

08:00etan, Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak abiatuko du ekitaldia Arriaga antzokian, Etxepareren klasikoaren lehen lerroak irakurriz. Hain zuzen ere, Amurizak berak batura ekarri du liburua.

Amurizaren lekukoa hainbat sektoretako 200 lagunek hartuko dute jarraian, 14:00ak arte "Linguae Vasconum Primitiae" irakurtzen bukatzeko. Tarteka, gainera, 50 Euskal Etxetako kideek hartuko dute parte irakurraldian, birtualki.

Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XIV. edizioa izango da, aurrekoak bezala Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko dute, ekitaldia erakusteko, eta eitb.eus-en ere ikusi ahalko da, zuzen-zuzenean.  

Ohi baino formatu txikiagoan egingo dute irakurraldia, iaz bezala, pandemiaren ondorioz, eta segurtasun neurri guztiak beteko dira, noski. Maskarak erabiliko dira une oro, eta mikrofonoa irakurketa bakoitzaren ondoren garbituko dute.