''Euskara sustatzeko''
Euskaltzaindiak eta Espainiako Senatuak hitzarmen bat sinatu dute
N. V. | EITB Media
Argitalpenak argitaratzea, lege testuak itzultzen laguntzea eta Espainiako Estatuko hizkuntza ondareari buruzko erakusketa bateratua antolatzea dira testuak biltzen dituen egitasmoetako batzuk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Senatuak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute "Espainiako estatuko hizkuntza-ondarearen ezagutza handiagoa sustatzeko eta kultura-aniztasunarekiko errespetua ahalbidetzeko, gizarte-kohesioan eta bizikidetzan sakonduz", Akademiak azaldu duenez.
Hitzarmenaren arabera, Senatuak eta Euskaltzaindiak errazago izango dute elkarren artxiboak, liburutegi eta dokumentu funtsak erabiltzea, eta argitalpenak batera argitaratzea erabaki ahal izango dute. Horrez gain, garrantzi bereziko lege testuak itzultzen eta euskararen erabilera zuzena sustatzen lagunduko dute, materialak hizkuntza horretan sortuz, bai formatu digitalean, bai paperean.
Ander Gil Senatuko presidentearen aburuz, hizkuntzak "gure historiaren isla dira, eta herri bat batzen duen adierazpenik bizi eta ederrena. Gure hizkuntza aniztasuna, Konstituzioan jasoa eta babestua, guztiona den ondarea da, eta denoi dagokigu babestea. Balio sozial eta kultural handia du, eta ezin da inola ere jaurtitzeko arma bihurtu".
Andres Urrutia euskaltzainburuak, bestalde, adierazi du akordio honen bidez esparru erkideak sortu nahi direla "euskararentzat eta Espainiako Estatuan hitz egiten diren beste hizkuntza batzuentzat".