Itxi

Urteko hitza

Ezetz asmatu zein izan den Uzei eta Euskaltzaindiarentzat urteko zorioneko hitza?

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Eskueran izan dute aurtengo hitza bi elkarteek, eta, nola ez, "zorioneko" da 2022ko hitza Euskaltzaindiarentzat eta Uzei terminologia eta lexikografia zentroarentzat.

Irulegiko Eskuak "sorioneku" hitza du idatzita

Eskuak bete lan ibili ohi dira Euskaltzaindiko eta Uzeiko teknikariak, urterik urtera, joatekotan den urteak utzi duen hitz nabarmenena aukeratzeko.

Aurten ere, bi erakundeek eskua ezarri diote urteko eleari, eta azkenaldiko gertakariek esku eman diete lantegi horren arduradunei. Irulegiko Eskuak eta horrek hedabideetan eta ahoz aho eduki duen erabileran oinarrituta, "zorioneko" hitza aukeratu dute 2022. urteko hitz gisa.

Aranzadi Zientzia Elkarteak azaroan ezagutzera eman zuenez, "baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena" den brontzezko pieza horretan sorioneku hitza irakur daiteke. 

Itxura guztien arabera, oraindik ere emango du zeresana Irulegiko Eskuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu zuen bezala, "diziplina arteko ikerketa egin beharko baita; beraz, arkeologoek, hizkuntzalariek eta gainerako zientzialariek esaten dutenaren zain geratu beharko dugu oraingoz".

Uzeik egunero egiten du lexikoaren jarraipena, nagusiki komunikabideak arakatuz, eta jarraipen horretan oinarrituta hautatzen dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitza.

Aurten, inflazioak, Ukrainako gerrak eta hizpide izan diren beste gai nagusi batzuei itzal egiteko adinako hedadura izan du Irulegiko Eskuak (zorionez, zorigaitz artean zorionerako ziorik bada), Uzei eta Akademiak azaldu dutenez. Horren adibide da, esaterako, Euskaltzaindiaren Hiztegian "zorioneko" formak azaroko aste bakarrean izan zuela hiztegi digital horretako sarrera bakoitzak aurten batez beste izandako kontsulta-kopuru bera.

Hau aurkitu zuten bilaketa hori egin zutenek:

zorioneko 1 adj. Zorionez betea. Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.

2 adj. Askotan aipatu delako edo arazoak sortzen dituelako, nekagarria edo gogaikarria gertatzen dena. Ik. dontsu 2. Orain erdaraz barra-barra, ahoz aho eta lumaz luma, dabiltzan zorioneko "estructura" horiek. Dirua baita, zorioneko dirua, mundu honetako jainkoa. Baina zer arraio ote da zorioneko beatu hori? Bestela, zorioneko euskara landu-behar horrekin, hiru motatako idazlanak sortuko zaizkigu soilik. Saussureren Cours zorionekoan irakur daitekeenez.

Zorionekoak zorioneko artikulu honen amaierara iritsi zaretenok!

Albisteak (2)