Itxi

Euskaltzaindiaren Hiztegia

"Gogorarazpena": Euskaltzaindiak Hiztegiari 843 forma gehitzeko "probestu" ditu "aurtongo" lehen egunak

N. V. | EITB Media

Akademiak 843 forma berri jaso ditu Hiztegian azken seihilabetean, tartean titularreko "gogorarazpen", "probestu" eta "aurton", eta 2.376 forma moldatu eta findu ditu. Guztira, 49.471 forma jasotzen ditu egun Hiztegiak.  

Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiak Hiztegia eguneratu du, sarean, eta eta 843 forma berri jaso ditu bertan azken sei hilabeteetan (73 sarrera eta 389 azpisarrera eta 381 ohiko lexia). "Ohiko lexia figura berria da", azaldu du Miriam Urkia Hiztegiaren arduradunak: "Hitzen konbinazioak zuzen erabiltzeko argigarriak dira forma hauek, adibidez: saria banatu / eman / eskuratu / irabazi / jaso / lortu; sua amatatu / itzali / piztu)".

Hauek dira azken eguneratze honetan gehitu diren sarrera batzuk: alborapen, aliritzira, areka, asozial, atzez, aurton, elixir, ofenditu, pontifikatu, probestu, serrailo, tauromakia...

Gainera, 2.376 forma moldatu edo findu dituzte (2.194 sarrera eta 182 azpisarrera). "Forma berriak sartzea bezain garrantzitsua da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea", esan du Urkiak.

Aldaketak egiteko arrazoiak ugari dira: "Adibiderik gabe zeuden adiera batzuetan gehitu egin dira (adib.: makil dantza, optimista edo orkidea); egungo gizartearen ikuspegitik zaharkituak, desegokiak edo iraingarriak izan zitezkeenak ere aldatu dira, batez ere gizon eta emakumeen arteko berdintasunari erreparatuta (atzitzaile, emerdi, zelati...)".

Guztira 49.471 forma ditu orain hiztegiak, 66.523 adiera eta 108.630 adibide. Euskaltzaindiak urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak.

Horrez gain, Euskara Batuaren Ortotipografiaren (EBO) arau berrien arabera berrikusi eta egokitu da Hiztegia, gainera.

Albisteak (2)