Itxi

Klasikoen Irakurketa

Ehunka lagunek jarriko diote ahotsa "Bilbao-New York-Bilbao" Kirmen Uriberen eleberriari

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, 200 bat lagunek Kirmen Uriberen lehen eleberria etengabe irakurriko dute ekainaren 6an, 08:00etatik 14:00etara.

08:00etatik 14:00etara ingo dute irakurketa

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVII. edizioak Bilbao-New York-Bilbao Kirmen Uriberen eleberria izango du ardatz. Ostegunean, ekainak 6, 200 bat lagunek liburu hori, Kirmen Uriberen lehen eleberria, irakurriko dute etengabe Arriaga antzokian, 08:00etatik 14:00etara.

Ohikoa denez, liburuaren egileak abiatuko du irakurraldia, eta horren atzetik euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak, erakundeetako ordezkariak, elkarteetako kideak… Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.

Ekitaldi osoa eitb.eus-en jarraitu ahalko da zuzenean, baita Arriaga plazan jarriko duten pantaila erraldoi batean ere,

Aurreko edizioetan liburu hauek irakurri dira ekimen honetan: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Ramon Saizarbitoriaren Martutene, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae.