Itxi

UZEI-REN ZERRENDA

"Genozidioa", "xoka" eta "GOIDIa", euskaldunok aurten "janelatik" ikusi ditugun hitzak

Natxo Velez | EITB Media

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak aurten hedabideetan eta sare sozialetan zeresana eman duten gaiez hitz egiteko erabili ditugun 15 hitz bildu ditu.

GOIDIa izan da urteko hitzetako bat, Valentziako hondamendia dela eta. Argazkia: Efe.

Afariak, Marijesiak, santomasetako azokak, Urteberri eguneko mendi bueltak, Olentzeroren opariak… eta UZEIren urteko hitzen errepasoa. Iritsi dira eta iritsiko dira, Gabonen bueltan, euskaldunongan errotuta dauden zenbait ohitura, eta gaur UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak 2024an ahotik ahora eta pantailatik begira erabili ditugun hitzen zerrenda kaleratu du.

"Pinporta" da zerrendako lehen hitza, "gure hondartzetara iristen hasi ziren plastikozko zatitxo txiki haiek", eta "janela" ere batu dute zerrendara hizkuntzalariek, Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoko "Janela bat" kantuaren izenburuan zerabilena eta jarraitzaile asko hiztegietara bultzatu zituena, portugesez leiho esan nahi duen hitzaren esanahia argitzera.

Horiez gain, erosahalmena galtzen ari garen abaila berean loditzen diren hiztegiek "merkeflazioa" hitzari egin zioten harrera, "irabazi-marjinak handitzeko produktu baten prezioari eutsiz produktuaren kalitatea jaisteko" jukutria arrandia handiagoz izendatzeko. Hori guztia Palestinan "genozidioa" egiten ari diren bitartean gertatu da, eta hitz hori ere jaso du UZEIk.

Gertuago etorrita, "xoka" hitza ere entzun dugu aurten, hitanoz egiteko eredu ez-binarioari esateko. "Labur esateko, «hasi gaituk» edo «hasi gaitun» esan ordez, «hasi gaitux» esatea proposatzen dute xokaren sustatzaileek", UZEIk azaldu duenez.

Bestalde, "neorrural" edo "neolandatar" berba ere esan eta idatzi da laster agurtuko dugun urtean, hiritik landa-eremura bizitzera joan berriak diren kaletarrak izendatzeko, eta, Espainian, "lokatz-makina" martxan jartzea egotzi zien Pedro Sanchez presidenteak PP eta Vox alderdietako buruzagiei, Umberto Ecok asmatutako kontzeptua biziberrituta.

"Libertario"ek ere eman dute zeresana 2024an, baita "Lyme" akainek kutsatzen duten gaixotasunak eta "txistorra"k ere, euskal jatorriko hitz hori katalanaren hiztegi arauemailean sartu baita xistorra forman.

"Sionista" hitza Facebookek "gorroto-diskurtsotzat" hartu duelako azpimarratu du UZEIk, eta, eufemismoen taldean, "migrazio zirkularra" bildu du.

Azkenik, "saltxitxa begetala" ageri da zerrendan, Europako Justiziak onartu dituenez gero 2021az geroztik Frantziak landare jatorriko elikagaiak izendatzeko galarazita zeuzkan izendapen komertzial horiek, baita "GOIDI edo goi-geruzetako depresio isolatua" ere, Valentziako hondamendiarekin lotuta.

"Mendeku" hitzak ixten du zerrenda, Aner Peritz bertsolariak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan bota zuen bertsoaren kari.

Albisteak (2)