Itxi

Elkarrizketa

Eneko Atxa: 'Arrakasta bakoitzak porrot asko izan ohi ditu atzean'

Erredakzioa

Azurmendi jatetxeko sukaldariak En3ko Atxa. Azurmendi liburua argitaratu du, eta bere ibilbideko arrakastak eta porrotak partekatu ditu bertan.

Eneko Atxa sukaldaria. Argazkia: EFE

Eneko Atxaren arrakastak ezagunak dira (35 urterekin, hiru Michelin izar), baina horiek lortzeko bidean porrotak ere izan ditu, eta horiei buruz aritu da Azurmendiko sukaldaria argitaratu berri duen lehen liburuan. "Arrakasta bakoitzak porrot ugari izan ohi ditu atzean. Lehen helburu asko jartzen nituen; orain bidearekin eta bidean topatzen ditudanekin disfrutatzen dut helmugara iritsi bitartean", azaldu du.

"Nire historia, nik kontatuta. Izan ditudan arrakasta batzuren eta porrot askoren kontaketa da" Montagud argitaletxearekin kaleratu duen En3ko Atxa. Azurmendi liburua. Ibilbide profesionalaz gain, gustukoen dituen 33 errezeta ere partekatu ditu sukaldariak.

"Oso pertsonala" da Atxaren lehen liburua. Hainbat hilabetetan bere bizitza errepasatzen aritu da, eta bere buruaz ezagutzen ez zituen "gauza asko" topatu ditu. Gainera, pasarte bakoitza idaztean izandako sentimenduak ere islatu dituela esan du. Irakurleari sukaldaria nolakoa den eta gauzatu duen ametsa, Larrabetzuko Azurmendi jatetxea, ezagutzera ematea da liburuaren helburu nagusia. "Irakurleak, jatetxera datorren bezeroak bezala, ondo pasatzea", gaineratu du.

Hori dela eta, ez ditu porrotak, une gogorrak, ezkutatu. "Familia xume batekoa naiz, eta inork pentsa dezakeena baino faktura eta zor gehiago ordaintzen ditut. Gogor lan egin dut eta egiten dut", erantzun die Atxak dena egina eman diotela esaten dutenei.

Duela urtebete jaso zuen Atxak hirugarren izarra, lehenengoa jaso zuenetik bost urte bete zirenean. Madrilgo galaren ostean Larrabetzura iritsi zenean, "malko artean eta irribarretsu" hartu zuten lankideek. "Oso hunkigarria izan zen", esan du.

2014ko Michelin Gida aurkezteko ekitaldian, Eneko Atxak zuzenduko duen Bizkaiko sukaldari ospetsuen talde batek afaria eskainiko du.

Albisteak (1)