Aste honetan
Basque Culinary Centerren izango da 'EITB Kultura'
A.A.
EITB
Horrez gain, Aitor Ortiz argazkilariaren, Erramun Martikorena abeslariaren eta Simulacro Teatro taldearen lan berriak ezagutuko dituzte eta Maru Solaresen Camera obscura filma aurkeztuko dute
Aste honetan bertan ikasturtea hasiko duen Donostiako Basque Culinary Centerren sartzeko aukera izango dute 'EITB Kultura' saioko ikusleek. Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Fakultatea eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa diseinatu duen Vaumm arkitektura estudioko kideekin mintzatuko dira eraikuntza prozesua gertutik ezagutzeko.
Aitor Ortiz Bilboko argazkilariarekin Guggenheim Museoan duen 'Laboratorios: Miradas en torno a la colección permanente' erakusketa bisitatuko dute. Bestalde, Erramun Martikorena abeslariarekin izango dira Off the record atalean. Bere ibilbidea errepasatuko dute eta datorren astean argitaratuko duen Gure lurretik diskoa ezagutuko dute.
Zine mundutik, Camera obscura film luzearen estreinaldiaren berri ekarriko du 'EITB Kultura'k. Maru Solaresek zuzendu duen pelikula honetako protagonista neskatila itsu bat da, gurasoek gehiegi babesten dutena.
Antzerkigintzan, berriz, Simulacro Teatro taldearen Paren el mundo lanari erreparatuko dio ETBko kultur leihoak. Ehun urteak betetako zazpi lagunen bizitzetatik abiatuta, gerra, maitasun, politika edo ekonomia arazoetan sakonduko dute.
Gasteizko Montehermoso Kultur Gunean amaituko dute aste honetako kultur errepasoa. Sortzaile gazteen lanak biltzen dituen Next gunean egingo dute sartu irtena Leire Urbeltz eta Marta Lopezekin.
'EITB Kultura' astelehenean dago ikusgai ETB-1en 23:05ean, asteartean ETB-2n 'La Noche de...'ren ostean eta ostiralean ETB-3n 22:30ean.