Zikloa
Harkaitz Canok irekiko du "Eztabaidak literaturarekin" zikloa
Juan Carlos Marquezekin batera izango da Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan, "Literatura krisian dago?" mintzagai izango dutelarik.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jende aurreko elkarrizketen bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzeko antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" zikloak seigarren denboraldia hasiko du arratsaldean 2012an narrazioaren alorrean Euskadi Literatur sariak irabazi dituzten bi idazleekin: Harkaitz Cano eta Juan Carlos Marquez.
Topaketa Idoia Jauregi Radio Euskadi irratiako kazetariak moderatuko du, eta gonbidatuei gai konplexua proposatuko die: "Literatura krisian dago?". Horrela, hainbat gai planteatuko dira, hala nola irakurtzeko ohitura galdu izana, fikziozko generoaren etorkizuna, sorkuntzan egon daitekeen krisialdia edo teknologia berriek eta aisia ohitura berriek literaturan duten eragina. Antolatzaileek gogoratu dutenez, elkarrizketak hilero burutzen dira, astearteetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da.
Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) Lubaki Bandan hasi zuen bere literatur ibilbidea, eta oraindik gaztea den arren, bere bibliografiak hainbat genero hartzen ditu: poesia, eleberria, ipuinak eta abar. Bere lehenengo argitalpenak poesia liburuak izan baziren ere, ondorengo lanak prosara bideratu ditu, eta gaur egun euskal literatur berriaren egile egonkorrenetakoa da, orain arte argitaratu dituen lanek irakurleen artean izan duten harrera bikainak erakusten duenez. Euskal Herriko hainbat egunkaritan aritzen da kolaboratzaile gisa, eta irrati eta telebistako gidoigile ere bada. Harkaitz Canok "Twist" (Susa argitaletxea) eleberriari esker lortu zuen iaz euskaraz idatzitako 2012ko Euskadi Literatur Saria. Lan horrek Kritikaren Espainiako Sari Nazionala ere lortu du.
Juan Carlos Marquezi (Bilbo, 1967) dagokionez, Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta Kazetaritza Masterra egin zuen 'El Correo' egunkarian. Hainbat komunikabidetan aritu izan da. Literatur Tailerren Zuzendaritza titulua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta sorkuntzako idazketa eta kontakizun irakasle da Madrilgo Idazleen Eskolan. 2010ean bere hirugarren ipuin liburua argitaratu zuen, "Llenad la Tierra", eta kontakizunez osatutako aurreko bi liburuekin batera -"Oficios" eta "Norteamérica profunda"-, bere erregistroa modu eraginkorrean aldatzeko gai den egilea dela erakutsi du. Gaztelaniazko 2012ko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen "Tangram" (Saltos de Página argitaletxea) lanari esker.
2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleengana hurbiltzeko era berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.