Ospakizuna
Ekitaldi ugari Euskal Herrian, Liburuaren Eguna ospatzeko
Don Kijoteren irakurraldia egingo dute Bilbon, "BookCrossing" ekimen bat Gasteizen eta Donostian Liburuaren Azokak ateak ireki ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hainbat ekitaldi egiten ari dira Euskal Herrian Liburuaren Eguna ospatzeko: "BookCrossing", hitzaldi-tailerrak, irakurraldiak, etab.
12:00etan, Bilboko Udaleko partaideek Liburuaren Eguneko ekitaldiei hasiera eman diete, Berastegi kaleko karpan. Hainbat idazlek parte hartuko dute eta Don Kijoteren irakurraldia egin dute, hainbat hizkuntzatan.
Bilboko liburutegiek eta Bidebarrieta Kulturguneak ekitaldi bereziak antolatu dituzte Liburuaren Eguna dela eta. Ipuin-kontalariak, irakurraldi espresiboak egiteko hitzaldi-tailer bat, txotxongiloak egiteko beste bat eta irakurraldi dramatizatuak (William Shakespeareren lanak irakurriko dituzte) izango dira Bidebarrietan, 19:30etik aurrera.
Gasteizko Montehermoso kulturguneak 'Irakurketa erraza' ekimena martxan jarri du, Liburuaren Eguna dela eta. Gainera, egun osoan zehar "Bookcrossing" ekimena egin dute. Guztira, 3.000 liburu "askatuko" dituzte hainbat hiritan.
Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Liburu-Saltzaileen Gremioak Liburu Azoka tradizionala egiten ari dira Donostiako Gipuzkoa Plazan.
Nafarroako Liburutegien Sareak jarduera asko antolatu ditu aste osoan zehar, umeentzat zein nagusientzat. Bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak, kamishibaia eta irakurketa sustatzeko beste jarduera batzuk. Irakurketa gida bat ere kaleratu dute, Lucia Baquedano idazleari buruz eta 700 kartel eta orrialdeak markatzeko 18.600 gailu banatu dituzte.