Eleberria
Berriz 'ghetto'an galduta
Jon Arretxek '612 euro' eleberria kaleratu du, '19 kamera' arrakastatsuaren bigarren atala. Egilea Bilboko San Frantzisko auzoan murgilduko da bigarrenez.
"19 kamera" arrakastatsuaren ondoren, Jon Arretxek bigarren atala argitaratu du: "612 euro" izenburuarekin, Euskal Herriko ghetto handienean girotutako bigarren eleberria da.
Honenbestez, bueltan da Touré, Bilboko San Frantzisko auzoko detektibe berezia, berriz ere arazotan murgilduta, jakina.
Idazleak gordintasuna eta umorea nahastu ditu irakurlea harrapatzeko.
Jon Arretxeri nobela beltzak ezagutzen dizkiogu lehen ere baina beste norabide bat hartu du ziklo berri honetan. "19 Kamera" lanean, tramak baino garrantzi gehiago zuten protagonistak, Touré afrikarrak, eta auzoak berak.
Eleberria Bilboko San Frantziskon kokatzeak beste gai askotaz aritzeko, hainbat egoera salatzeko aitzakia ematen dio Jon Arretxeri. Dena den, oraingoan, "612 Euro" eleberrian tramak garrantzi gehiago hartzen du.
Umoreak, in crescendo doan erritmoak eta egiten diren deskripzio zinematografikoak kateatu egingo dute irakurlea "612 Euro" eleberrian. Erein argitaletxean aurkituko duzue euskaraz nahiz gazteleraz.