Heriotza
Tom Clancy eleberrigile arrakastatsua hil da
Erredakzioa
Espioiei eta politikari buruzko lanen egilea zen, tartean "The Hunt for Red October" eta "Clear and Present Danger". Baltimoren hil da 66 urte zituela, argitaletxeak jakinarazi duenez.
Tom Clancy eleberrigile estatubatuarra Baltimoren hil da 66 urte zituela. Espioien eta politikari buruzko lanen egilea zen, tartean The hunt for red october, The sum of all fears, Rainbow six, eta abar luze bat.
G.P. Putnam's Sons Penguin talde editorialaren filialak ez du zehaztu idazlearen heriotzaren zergatia. Clancy Baltimoren jaio zen, Maryland estatuan, eta bertan pasatu zuen bere bizitza osoa, hiriko sinbolo den Orioles beisbol taldearen jabekide izatera iritsi baitzen.
Gerra Hotzaren garaian, espioitzari buruzko lanak kaleratu zituen, eta baita ospe handia lortu ere. Urte batzuk geroago, Harrison Ford, Alec Baldwin eta Ben Affleck aktoreek zinemara eraman zuten Clancyren liburuetako ohiko protagonista, Jack Ryan analista estatubatuarra.
The hunt for red october (1984) edota Red storm rising (1986) izan ziren garai hartan publikatu zituen eleberri garrantzitsuenak, Ronald Reaganen presidentziak eta jada ahulduta zegoen Sobiet Batasunak zituzten borroka politikoek markatuta.
Liburuetako arerioak denboran zehar aldatzen joan ziren: Patriot games-en (1987) Ipar Irlandako IRA taldekoak ziren "gaiztoak", terrorista arabiarrekin indarrak batuta; Clear and present danger-en (1989), aldiz, Kolonbiako droga-trafikatzaileak. Geroago, terrorista islamiarren arma nuklearrak, Txina eta Errusiaren arteko gerrak edota espioien desertzioak izan zituen hizpide, eta Jack Ryan heroia AEBetako presidente izatera iritsi zen bertan.
Bere lan guztietan, bizitza errealean bezala, Ameriketako Estatu Batuek euren aurkariei aurre egiteko moduko Indar Armatu eta espioitza zerbitzu irmoak izatearen aldeko ideologia ageri zuen Clancyk.
Aseguru-etxe bateko langilea zen Clancy, The hunt for red october argitaratu zuen arte. Eleberri horren arrakastak literaturan jarduteko aukera eman zion. Bere azken lana, Command authority, Mark Greaneyrekin batera idatzia, abenduaren 3an publikatuko da.
The New York Times egunkariaren arabera, Clancyren 17 eleberri iritsi dira liburu salduenen zerrendako lehen postura. Horietatik azkena, Threat vector, 2012ko abenduan kaleratu zuten.
Idazle estatubatuarra bideo-joko enpresa bateko sortzaileetako bat ere izan zen. Bertan, horren liburu batzuen bertsioak egiten zituzten, eta horren izena erabili zuten Op-Center eleberri bilduman, nahiz eta Clancyk ez idatzi liburu horiek.