Saria
Ramon Saizarbitoria, Euskadi literatura saria 'Martutene' lanagatik
Ramiro Pinillak jaso du gaztelaniazko literatura saria, eta Elena Odriozolak, ilustrazioarena, Tropecista lanagatik. Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turtlek itzulpengintzakoa irabazi dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ramon Saizarbitoriak jaso du 2013ko Euskadi literatura saria, Martutene lanagatik, euskarazko literatura modalitatean. Ramiro Pinillak jaso du gaztelaniazko literatura saria, eta Elena Odriozolak, literatura lanaren ilustrazioarena. Itzulpengintza alorreko saria, berriz, Iñaki Mendiguren eta Sarah J. Turtle bikoteak irabazi du, Tom Sawyer-en abenturak lanagatik.
Epaimahaiak Ramon Saizarbitoriaren Martutene lana goraipatu du, haren eleberri onena eta intimoena delakoan; Euskal literaturaren lan klabea, epaimahaiaren iritzian. Afektibotasuna, gizartea eta literatura dira, horren arabera, lan handi honen hiru ardatzak. "Sariak ez dira irabazten, eman egiten dira", esan du Saizarbitoriak, apal, eta Martutene atzean utzi eta aurrera egin nahi duela erantsi du.
Ramiro Pinilla (90 urte bete zituen irailean) Aquella edad inolvidable eleberriagatik saritu dute. Epaimahaiak lanaren "elementu autobiografikoak" goraipatu ditu, eta haren lanik "hunkigarriena" dela azaldu du. "Gaztaroa eta fideltasuna, arrakasta eta porrota ardatz dituen eleberri zoragarria". Hitz horiekin definitu du epaimahaiak lan hori. Pinillak esan duenez, "paralelismo handiak" daude protagonistaren eta egilearen artean.
Pinillak zein Saizarbitoriak Eusko Jaurlaritzak ematen dituen sarietako palmaresean errepikatu dute (1982an eman zituzten lehen aldiz). Pinillak 2005ean jaso zuen, Verdes valles, colinas rojas lan entzutetsuagatik, eta Saizarbitoriak 2001ean eskuratu zuen, Gorde nazazu lurpean eleberriagatik.
Epaimahaiaren ustez, Tom Sawyer-en abenturak lanak (euskarazko literatura itzulpena) euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egoki-egokia da. Gainera, Mendigurenek eta Turtlek sortzen duten "tandema" goraipatu dute.
Elena Odriozolaren kasuan (literatura lanaren ilustrazioa), haren teknika berritzailea saritu dute: elkarren gainean jarritako paper moztuen teknikari esker, argi-itzal sotilez betetako istorio bat kontatzen du Elena Odriozolak, baina, aldi berean, "kontakizun intimista eta pertsonal honetan barneratzen uzten diguten kolore ere badira argi-itzalok", azaldu dute.