Itxi

Heriotza

Juan Gelman poeta argentinarra hil da

Erredakzioa

Juan Gelman Mexikon bizi zen poeta argentinar konprometitua Mexiko Hirian hil da, 83 urte zituela, Argentinatik irtenarazi zutenetik deserrian bizi baitzen.

Juan Gelman. Argazkia: Efe.

Juan Gelman Mexiko Hirian bizi zen poeta argentinarra hil da hiri horretan, haren familiak jakinarazi duenez.

"Etxean hil da, lasai, familia inguruan zuela, gaixotasun baten ondorioz", azaldu dute senideek. "Berton 16:30 zirenean joan da", erantsi dute. Gelman duela hogei urtetik bizi zen Mexikoko hiriburuan, eta beste hiri askotan ere bizi izan zen aurretik, Argentinako diktadurak erbestean bizitzera behartu baitzuen.

Conculta Kultura eta Arteetarako Mexikoko Batzar Nazionalak ohar batean adierazi duenez, idazlea ospitaleratuta egon zen, hil aurretik.

2007an Cervantes saria eman zioten, bere lanek adierazten duten "errealitatearekiko konpromisoa" eta "bizipen pertsonal beldurgarriak pentsamendu poetikoan uztartzen asmatu izana" aitortzeko, eta 2005ean Sofia Erregina Iberoamerikako Poesia Saria ere jaso zuen. 1975ean erbesteratu zen, Argentinako A Hirukoitzak jazarrita, eta Italian, Frantzian eta, azkenik, Mexikon bizi izan zen.

Juan Gelmanen lan poetikoak tragediaren ukitu nabarmena du, Argentinako diktadurak semea hiltzeak eta iloba kentzeak markatuta dago. Ahanzturaren aurkako borrokalaria izan zen, hortaz, hastapenetatik heriotzara arte.

Conacultak Gelmanen poesiari buruz esan duenez, "egunerokoa bizi da haren poemetan, tonu politikoa, salaketa, bidegabekerien aurreko sumina, umeak eta deserria".

"Poesia gero eta krudelagoa, gero eta izugarriagoa, gizatasunaren aurkakoa, den munduaren kontrako erresistentzia da, gertatzen den guztia ez baitago gizatasunetik at", esan zuen Gelmanek.