Itxi

Sariak

Narrazio eta olerki gazteak, Azkue sarietan protagonista

Azkue Sarien helburu nagusia idazle gazteak literatura mundura erakartzea da. 173 lan jaso dituzte guztira.

Saridunetako batzuk atzoko banatze ekitaldian. Argazkia: Efe.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak banatu dira Akademiaren Bilboko egoitzan. Azkue Sarien helburu nagusia idazle gazteak literatura mundura erakartzea da. Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman dituzte sariok.

Bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. Edizio honetan, guztira, 173 lan jaso dira, lurraldeka honela banatuta: 11 Arabatik, 73 Bizkaitik, 75 Gipuzkoatik, hamar Iparraldetik eta lau Nafarroatik.

Horrela, A mailan, narrazioan, Maddi Aiestaranen "Mundiala!" lana izan da irabazlea, Olatz Bereziartuaren "Zintzoa izateko ipuina" bigarrena, eta Anne Agirreren "Martinaren ibilbidea" hirugarrena. Olerkian, lehenengo saria Lorea Azpiazuk irabazi du "Egunsentia" lanagatik, bigarrena Naia Ordorikak ("Ezer ez da betiko") eta hirugarrena Aiora Amenabarrek ("Parkea").

B mailan, narrazioan, lehen saria Lourdes Ondaroren "Janis Joplin, sudur gorriak eta arrautza frijituak" lanak irabazi du, bigarrena Markel Txaskoren "Lagun minak" lanak, eta hirugarrena Ane Saizen "Egunari beldur" lanak. Olerkian, Maialen Akizuk irabazi du lehen saria, "Lehertu, atertu, desertu" lanari esker; bigarren saria "Amaraunak" obrak eskuratu du, Inhar Esnaolarena; eta hirugarren saritua Maialen Akizu izan da, "Itzaldu" lanari esker.

Aurtengo epaimahaikoak hauek izan dira: A mailan, Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta; eta B mailan, Joseba Butron, Amaia Jauregizar eta Jabier Kaltzakorta.