Liburuen industria
Euskadin % 21 jaitsi zen liburuen ekoizpena 2013an
Erredakzioa
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan merkaturatu ziren liburu guztien % 50 gaztelaniazkoak ziren; % 37,5 euskarazkoak; % 4 atzerriko hizkuntza batean; eta % 9 bi hizkuntzatan edo gehiagotan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 1772 liburu argitaratu ziren iaz, Estatu osoan merkaturatu zirenen % 3,1. 2012ko datuekin alderatuta, % 21,1 murriztu zen liburuen ekoizpena.
Espainiako Estatistika Institutuak liburuen iazko ekoizpenari buruzko datuak kaleratu ditu. Horien arabera, 56.435 liburu kaleratu ziren Estatuan 2013an; 2012ko datuekin alderatuta, % 19 jaitsi da ekoizpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko produkzioari dagokionez, liburuen % 50 gaztelaniaz argitaratu ziren; % 37,5 euskaraz; % 4 atzerriko hizkuntza batean; eta % 9 bi hizkuntzatan edo gehiagotan.
Hizkuntza bat baino gehiago dituzten lurraldeei begiratuta, Balear Uharteetan liburuen % 51,3 ekoitzi ziren bertako hizkuntzan, Galizian % 42,4 eta EAEn, esan bezala, % 37,5.
Umeentzako liburuak guztien % 6,14 izan ziren iaz.