Itxi

Lanak

Euskaltzaindiak 3 liburu aurkeztuko ditu Sarako idazleen Biltzarrean

Datorren astelehenean egingo dute eta Xabier Altzibarren, Jean-Baptiste Coyosen eta Piarres Xarritonen liburu bana aurkeztuko dituzte.

Euskaltzaindia Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean egongo da datorren astelehenean, apirilaren 21ean, urtero egiten duen moduan, eta aurten Xabier Altzibarren, Jean-Baptiste Coyosen eta Piarres Xarritonen liburu bana aurkeztuko ditu.

Akademiak gogorarazi duenez, urtero bezala Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra ospatuko da herriko kiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna.

Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu, hirurak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin argitaratuak.

Zehazki, "Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea" (Xabier Altzibar), "Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri" (Jean-Baptiste "Battittu" Coyos) eta "Le fondement moral des droits culturels de l'homme" (Kultura eskubideen oinarri etikoak, Piarres Xarriton) liburuak eramango ditu Akademiak Sarara. Aurkezpenak 11:00etan hasiko dira, eta egileekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua izango da.