Itxi

Sariketa

Uxue Agirre eta Elena Fernandezentzat, Bizkaidatz literatura saria

Erredakzioa

Seigarren edizio honetan, irabazle bakoitzari 1500 euroko saria egokitu zaio. Uxue Agirrek euskarazko atalean irabazi du, eta Elena Fernandezek gaztelaniazkoan.

Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaIdatz literatura sarien seigarren edizioko irabazleen izenak jakinarazi ditu gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna: Uxue Agirre Madariaga euskarazko kategorian eta Elena Fernandez Alonso gaztelaniazkoan.

Sariketa honetako parte-hartzaileek bi euskal idazlek proposatutako hasieratik abiatuta idatzi behar dute kontakizun bat, eta, aurten, Yurre Ugartek ("Ordezko kazetaria") eta Esther Zorrozuak ("Dos anémonas azules") idatzi dituzte hasierako kontakizunak.

Foru erakundetik jakinarazi dutenez, euskarazko kategorian, Uxue Agirre Madariaga bilbotarrak eskuratu du lehen saria, Yurre Ugartek proposatutako "Ordezko kazetaria" kontakizun bukatugabetik abiatuta osatu duen istorioarekin. Epaimahaian, Yurre Ugarte bera eta David Tijero Osorio eta Ana Urkiza idazleak izan dira.

Gaztelaniazko kategoriako irabazlea Elena Fernandez Alonso barakaldarra izan da. Esther Zorrozua, Ivan Repila eta Alejandro Fernandez Aldasoro idazleek osatutako epaimahaiak erabaki du bigarren saria Jose Ignacio Ceberiori ematea, eta Sorkunde Barandiaranen eta Pilar Pallaresen kontakizunak finalista izendatzea, ex aequo.

Lehiaketaren aurreko edizioetan hasierako kontakizunak idatzi zituzten idazleen artean, hauek daude: Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Katixa Agirre eta Goizalde Landabaso euskaraz, eta Nerea Riesco, Maria Eugenia Salaverri, Oscar Alonso, Alex Oviedo eta Juan Carlos Marquez gaztelaniaz.