Itxi

Liburu Azoka

Anna Gavalda idazle frantsesak Zilarrezko Luma jasoko du Bilbon

Erredakzioa

19:30ean izango da golardoa emateko ekitaldia. Ondoren, solasaldia egongo da eta “Billie” gaztelaniara itzuli den bere azken eleberria aurkeztuko du.

Anna Gavalda

Liburu Saltzaileen Elkarteak eta Bilboko Liburu Azokak Zilarrezko Luma emango diote Anna Gavalda idazle frantsesari gaur, ekainak 6, Bidebarrieta liburutegian, literaturan egin duen ibilbideagatik. Golardoa jaso ondoren, Gavaldak "Billie" bere azken lana aurkeztuko du, eta ekitaldia amaitzeko, solasaldi bat egingo da (frantsesez, gaztelaniara itzulita) Idoia Jauregi Radio Euskadiko kazetariarekin. Hitzordua 19:30ean izango da, eta nornahi sartu ahal izango da eserlekuak bete arte.

Bidebarrieta Kulturgunetik jakinarazi dutenez, Anna Gavalda Frantziako gaur egungo nobelagile ospetsuenetakoa da. Bere lanen hamar milioi ale baino gehiago saldu dira mundu osoan, 20 bat hizkuntzatara itzulita. Kazetari hau Parisen jaio zen 1970ean, eta "Je voudrais que quelqu'un m'attende quelque part" 1999an argitaratutako ipuin bildumari esker, kritikarien eta irakurleen oniritzia lortu zuen.

Geroztik, Gavaldaren ibilbidea arrakastaz beteta egon da. Haren lehenengo eleberriak, "Je l'aimais" izenburukoak, Grand Prix RTL-Lire saria lortu zuen 2000an, eta bere ondorengo lanei esker -"Ensemble, c'est tout", "La Consolante" edo "La Vie en mieux", kasu-, idazle frantziarrik irakurriena bihurtu da.

"Billie" da gaztelaniaz argitaratuta daukan azken lana -Frantzian beste eleberri bat argitaratua du-. Bertan, egileak askoz ere hizkuntza lagunartekoagoa erabili du jarraitzaileen harridurarako, bi gazte protagonisten ahotan.