Itzulpenak
Kirmen Uriberen 'Mussche' japonieraz argitaratuko da
Erredakzioa
Idazle ondarroarraren lanak gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari dira Japonian. Aurreko eleberria eta hainbat poema ere argitaratu dituzte japonieraz.
Kirmen Uriberen Mussche (Susa, 2012) eleberria japonieraz argitaratuko du Hakusui Sha Tokioko argitaletxeak. Nami Kanekok itzuliko du euskaratik zuzenean, Ikeder literatur agentziak jakinarazi duenez.
Gainera, argitaletxe horrek berak Bilbao-New York-Bilbao idazle ondarroarraren nobela japonieraz kaleratu zuen 2012an, eta Mainichi egunkariak eta Vogue Japan aldizkariak urteko liburu onenen artean hautatu zuten.
Halaber, Kirmen Uriberen zazpi poema argitaratu ditu Japoniako poesia aldizkari garrantzitsu batek, Shichosha izenekoak. Poemak, Ibaia, Bisita, Ezin esan, Lehendakaria deserrian, Hizkuntza bat, Urrezko eraztuna eta Aparte-apartean dira, eta horiek ere Nami Kanekok itzuli ditu euskaratik.