Urriaren 2tik 12ra
Bilboko Barreak irribarrea eraman du Bilbora
Erredakzioa
Jaialdiaren bosgarren edizioan, Paco Roca komikigilea, Julian Barnes, Jean Echenoz, Emmanuel Carrère, Luis Goytisolo, Forges, Juan Manuel Serrat, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio egongo dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko Barrea umorezko literaturaren eta artearen nazioarteko jaialdia urriaren 2tik 12ra ospatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Bosgarren edizio honetan, literaturako, zinemako eta umore grafikoko artista handi asko arituko dira, hala nola Jean Echenoz eta Emmanuel Carrère -lehenegoz batera, jendaurrean-, Luis Goitysolo, Isabel Coixet, “Ocho apellidos vascos”eko gidoilariak, Forges, ibilbidearen 50. urteurrenean…
Halaber, beste hainbat lagun egongo dira: Lionel Shriver estatubatuarra, Juan Villoro mexikarra, Martin Caparros argentinarra, Ignacio Echevarria, Antonio Orejudo, Gallego eta Rey marrazkigileak, Juan Manuel Serrat kantautorea, Goyo Jimenez bakarrizketetako aktorea eta Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak.
Aurrekoetan bezala, ekitaldi guztiak doan izango dira, denontzat irekiak, eta Metrora eta Erriberako merkatura zabalduko da, komikien eta umore grafikoko lanen erakusketen bidez.
BBK Saria Julian Barnesi emango diote aurten, “ingelesezko narratzaile garaikide onenetako bati”, antolatzaileek esan dutenez.
Zinemaren arloak ere hainbat ordezkari izango ditu hamar eguneko jaialdian: Isabel Coixetek zinemaren historiako umorezko sekuentzia gustukoenak aurkeztuko ditu, eta Borja Cobeaga eta Diego San Jose “Ocho apellidos vascos” filmeko gidoilariek ere hitz egingo dute.
Paco Rocaren erakusketa
Programan, “Paco Roca, marrazkilari ibiltaria” erakusketa nabarmentzen da. Ilustrazioaren eta Modernitatearen Valentziako Institutuak prestatu du materiala, eta Bilboko alondegian egongo da erakusgarri. Paco Rocak “El invierno del dibujante” eta “Zimurrak” komikiak egin ditu, besteak beste, eta azken horren zinemarako egokitzapenak animaziozko pelikula onenaren Goya saria irabazi zuen.