Itxi

Heriotza

Ramiro Pinilla bizkaitar idazlea hil da

Erredakzioa

Besteak beste, Espainiako Narratiba Sari Nazionala eta Euskadi Saria bi aldiz irabazi zituen idazlea 91 urte zituela hil da. Getxon bizi zen.

Ramiro Pinilla (Bilbo, 1923 – Getxo, 2014) idazlea gaur, osteguna, hil da, 91 urte zituela. Pinillak berebiziko garrantzia izan zuen gaztelaniazko kontagintza berriztatzeko, eta Euskadi Saria birritan irabazi zuen (La tierra convulsa, 2004, eta Aquella edad inolvidable, 2012). Espainiako Narratiba Sari Nazionala (Las cenizas del hierro, 2005) eta Nadal saria (Las ciegas hormigas, 1960) ere irabazi zituen.

2012an Lan Onari saria eman zien Eusko Jaurlaritzak berari eta Ramon Saizarbitoria idazleari, “eguneroko lanean izandako dedikazioagatik, jarraikortasunagatik eta ekimena edukitzeagatik”.

50eko hamarkadan hasi zen idazten Pinilla, baina XXI. mendea hasitakoan, bere izenak ospe handiagoa hartu zuen, ordurako 80 urteak beteta zituela. Orduan publikatu zen bere lanik behinena: Verdes valles, colinas rojas trilogia.

Hamazortzi urtez idatzi zuen 2.500 orritik gorako lan mardula, La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro eleberriek osatzen dutena. Euskal Herritik munduari eginiko begirada da, eta aintzatespen piloa ekarri zion lanak, 2005etik aurrera.

Aurretik, Ramiro Pinillak beste eleberri azpimarragarri batzuk argitaratu zituen, hala nola Las ciegas hormigas (1961, Tusquets Editores, 2010) eta Seno, 1971ko Planeta sariko finalista.

Ibilbide oparoan, beste liburu hauek ere idatzi ditu Pinillak: La Higuera (2006), Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera, Sólo un muerto más (2009) eta Los cuentos (2011) narrazio laburrak.

Jaurlaritza: "Euskadirekiko konpromisoa agertu zuen beti"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Ramiro Pinillaren heriotzagatik samina agertu du eta idazleak Euskadiko errealitate sozial eta politikoarekiko zuen “konpromisoa” azpimarratu du.

Hezkuntza eta Kultura Sailak ohar batean nabarmendu du Pinilla “bere jatorriarekiko eta herrialdearekiko lotura sentimentalaren eta inplikazio emozionalaren” erakusgarri izan dela.

Langile nekaezina izan zela eta gaztetatik bere azken hatseraino literatura maitatu zuela erantsi du Jaurlaritzak.

Amaitzeko, doluminak helarazi dizkie Jaurlaritzak Pinillaren senideei eta lagunei.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)