Itxi

Literatura

'Su zelaiak' Mikel Perurenaren lanak jasoko du 111 Akademiaren saria

Erredakzioa

Perurenaren lana ‘Inon ez, inoiz ez’ Iban Zalduaren lanari gailendu zaio azken bozketan. Maiatzaren 7an jasoko du saria, Andoaingo Bastero kulturgunean.

111 Akademiako, euskal literaturzaleen bilkurako, 195 kideek hala hautatu eta izendatuta, Su zelaiak (Susa argitaletxea, 2014) Mikel Perurenak idatzitako eleberriak jasoko du 111 Akademiaren 2014ko saria.

Bigarren bozketa txandan, bost liburu izan ziren lehian: Iñigo Aranbarriren Apirila, Irati Goikoetxearen Andraizea, Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez, Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa eta Mikel Perurenaren Su zelaiak. Horien artean, ezein lanek ez zen bigarren bueltan saridun izendatzeko behar adina boto jaso, eta, hortaz, boto gehien jasotako bi liburuak finalera pasatu ziren:  Su zelaiak (Mikel Perurena) eta Inon ez, inoiz ez (Iban Zaldua). Azkenik, final estuan, Perurenaren eleberriak hiru botoko aldearekin irabazi du.

Maiatzaren 7an jasoko du 2014ko 111 Akademiaren Saria Mikel Perurenak, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 19:30ean, ekitaldi ireki batean.

Su zelaiak

Hau kontatzen du, 111 Akademiak azaltzen duenez, Perurenaren eleberriak: “Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin. Baionako Infanteriako 49. Erregimentuaren ibilerak aletuz, neurririk gabeko krudelkeria haren kontakizun gordina dakar Mikel Perurena Ansaren bigarren nobelak”.