Saria
Elorriagak eta Juaristik irabazi dute Espainiako Kritikaren Saria
Agentziak | Erredakzioa
Algortako idazlearen 'Iazko Hezurrak' eleberri arloan eta Juaristiren 'Piztutako Etxea' poesian saritu ditu Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak.
Unai Elorriagaren "Iazko hezurrak" eleberriak lortu du 2014ko Espainiako Kritikaren Saria. Susa Literatura argitaletxeak kaleratuta liburuak euskarazko narratiba arloan lortu du saria.
Indarkeriari buruzko gogoeta eleberria da, egilearen esanetan, eta espresatzeko bide asko dituena. Emakumezko baten bizitza oinarri hartuta, indarkeriaz eta horren zabalkundeaz hitz egiten du Elorriagak 376 orrialdeko liburuan. Javier Rojok azaldu duenez, "irakurtzeko liburu zaila da", jorratzen duen gaiarengatik.
Felipe Juaristirentzat da, berriz, poesi arloko Kritika Saria. Erein argitaletxeak plazaratutako "Piztutako etxea" argitalpena nabarmendu du Kritikarien Elkarteak. Javier Rojo epaimahaiaren bozeramaileak adierazi duenez, "lan horretan egilearen ibilbidean izandako garapena nabarmentzen da".
Andres Ibañez madrildarraren "Brilla, mar del edén" eleberriak irabazi du gaztelaniaz Kritika Saria.
Poesian, berriz, Lorezo Olivanen Nocturo casi lana saritu dute. Sariak Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak banatzen ditu urtero, eta diruz saririk ematen ez den arren, saritutako lanek "prestigioa" lortzen dute, Angel Basanta epaimahairen buruaren arabera. Galegoz eta katalanez argitaratutako lanak ere saritu dituzte. Galegoz, Xabier Quirogaren "Zapatillas rotas" eleberria nabarmendu dute eta Gonzalo Hermoren Celebración poesia lana.
Katalanez, berriz, ondorengoak saritu dituzte: Toni Salaren "Els nois" ("Mutilak") narratiban eta Màrius Sampereren "Ningú més i l’ombra" ("Inor gehiago eta itzala") poesian.
zala") poesian.